EUSKARA SEXISTA OTE?

EUSKARA SEXISTA OTE?



Euskarak genero gramatikalik ez duenez, beste hizkuntzek duten zama sexistarik ez duela askoren iritzia da. Nahiz eta gure auzotar diren hizkuntzak baino askoz zama sexista txikiagoa duen (frantsesa sexista da %40an eta gaztelera %80an), euskara ere sexista da %5eko proportzioan.

Horretaz gain, kontuan hartu behar dugu euskarak hainbat eta hainbat forma hartu dituela beste hizkuntzetatik eta honetaz gain, “euskañol” deitu geniezaiokeen hizkuntza nahasketa ere gero eta erabiliago dugula. Gainera, argi eta garbi dago kultura sexista batean bizi garela eta hori hitz egiterakoan islatu egiten dugu.

Baina euskaran ematen den sexismo hori ikusteko hainbat adibide jarriko dizkizuet:

Gizon / emakume: Gizonak pertsona arra esan nahi du baina hiztegira jotzen badugu beste adiera bat ere badu: pertsona. Hortik etorriko litzateke “gizaki”; pertsona guztiak, arrak edo emeak izan, batzen dituena. Beraz, orokortzaile adiera arrari ematen zaio. Lege berdina jarraituz osatzen dira legegizon, plazagizon edo itsasgizon bezalakoen esanahiak. “Emakume”k aldiz, pertsona emea bakarrik esan nahi du eta ez du beste adiera horren baliokiderik hartzen.

Gizalege / emalege : Hiztegian begiratzen badugu lehen hitzak pertsonaren portaera esaten digu; eta bigarrenak, aldiz, hilerokoa. Argi ikusten dugu beraz nahiz eta atzizki berdina ezarri zentzu desberdina hartzen dutela bi sexuetako bati erreferentzia egitean. “Giza”rekin osatzen diren hitzak kulturarekin lotuak daude normalean (gizatiar, giza eskubideak). “Ema” edo “andra”tik eratortzen direnek berriz, adiera mespretxagarriak hartzen dituzte (emagaldu, emakoi)

“Aukera ezak hire kirola” kirol-patronatuko kanpaina: Euskarak pertsona talde bati hitz egiterakoan toka erabiltzeko esaten ez digun arren, euskadunon joera nahiko orokortua dago. Talde bati hitz egiten ari garenean zuka erabiltzea hobesten da eta idatzietan gertutasuna bilatu asmoz hika erabili nahi badugu biak agertu beharko lirateke: “aukera ezan/k hire kirola”.

Adjektiboak: Kontuz ibili behar dugu adjektibo bakoitza zein sexutako pertsonei egozten diegun:
Lirain, eder, polit, panpox, pertxenta, xarmant, indartsu, sendo, azkar, iaio, trebe…

Adibide horiek ikusita hezitzaile garen aldetik kontuz ibili beharko dugu gure hizkerarekin ematen ditugun mezuekin, erabiltzen dugun materialean ere hizkera errebisatu beharko dugu eta baita etxera bidaltzen ditugun oharretan ere bai. Hizkuntzak hitzak baino zerbait gehiago direnez, hizkera androzentrista baztertu behar dugu, hizkuntzaren erabilera hobetzeko saiakerak eginez.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*