AISIA – ORAINA

AISIA – ORAINA



Inork ez du aintzat hartzen denbora. Ikusi ezin dugunez, berarekin ahanzten gara eta betierekoa eta inozoa dela pentsatzen dugu. Ez du zaratarik egiten, zapatak eskuetan eta oinutsik doala dirudi, baina abisatu gabe ere isilik doa aurrera. Denbora ez da gurea eta ez da sekula izango, eta inoiz harrapatzera iritsiko bagina ere, beti egingo digu ihes eskuen artetik.

Orain 2000 urte Seneka Gazteak bizitzaren laburtasunari buruz idatzi zuen. Badirudi orduan ere jendea kexu zela bizitzeko zeukan denbora urriaz eta iritzi horren kontra idatzi zuen filosofo erromatarrak. Bere ustetan ez da bizitza laburra dena, bizi dugun bizitzaren zatia baizik.

Bizitza hiru zatitan banatzen dela esan zuen: Izan dena, orain dena eta izango dena. Izango dena zalantzazkoa dela eta orain dena laburra, baina izan dena egiazkoa dela, funtsean zoriak eskubidea galdu baitu beregan.

Lanpetuta bizi denak, izango dena baino ez du desiragarri eta orainarekin eta iraganarekin ahanzten da, bizitza lanez lan arrastaka doakio eta aisia ez du inoiz eskuetan izaten, desiragarri baizik. Lasai bizi denak, aldiz, oraina bizi du eta iraganarekin gogoratzeko ere badu astirik, oraina dastatzen du eta iraganean dastatutakoarekin gogoratzen da. Momentua aprobetxatu nahi izateak etorkizunarekin ahaztea dakarkio.

Baina zeri deitzen diogu oraina bizitzea? Nola dastatzen da denbora? Zer da oraina? Horrelaxe esan zuen Senekak:

“Hain da laburra orainaldia batzuk haren existentzia ukatzera ere iristen direla. Iritsi aurretik izateari utzi dio eta ez du geldiunerik hartzen.”

Nik ez dut uste orainaren existentziarik uka litekeenik. Oraina bada, laburra da, baina bada. Oraina da etorkizuna iragan bihurtzen duena, izango dena izan dena bihurtzen duena, egiazko egiten duena. Orainak bide ematen dio aisialdiari eta elkarrekin jolas egiten dutenean baino ez dugu bizitzen bizitza.

Aisialdian nahi ditugun gauzak egiten ditugu: txokolatea jan, lurrean etzanda hodeiak begiratu, nahiz inoiz izatea imajinatu genuen super-heroiarekin gogoratu. Bizitza ez zaio laburra iraganean egindako jolas eta irriekin akordatzen denari. Bizitza ez zaio laburra, iraganean bezala, orain ere jolas eta barre egiten dakienari. Baina aisialdirik gabeko bizitzak laburra behar du izan nahita ez.

Aisialdiari eta orainari esker, bizitza bizitzen badugu, pentsa al liteke aisialdiko monitoreek bizitzak luzatzen dituztela?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*