BIBEROITIK SAKELEKORA

BIBEROITIK SAKELEKORA



– Kaixo Ane. Zer moduz pasa duzu arratsaldea? Non ibili zara?
– Gaizki aita, aspertu egin naiz. Koadrila guztiarekin geratuta nengoen, eta azkenean, plazan geundela, Maialenek eta biok gure kontura buelta bat ematera joatea erabaki dugu. Goxokiak erosi ditugu eta hortik ibili gara.

Anek eta Maialenek 11 urte bete berriak dituzte. Badira hilabete batzuk, larunbat arratsaldetan lagunekin auzoan beraien kontura ibiltzen hasiak direla, koadrila zabal eta anitzean, neskak eta mutilak nahasirik… baina zoritxarrez, aspaldi honetan zerbaitek ez die funtzionatzen, zerbaitek ez ditu asebetetzen. Ane eta Maialen dira sakeleko telefonoa ez duten bakarrak, beste guztiek badute, gehienek, internet eta guzti.

Horren guztiaren ondorioa argia da: sakelekoa maila handi batean jostailu bihurtu dute, bata bestearen aldamenean egon arren harremanak guatsapeatu egiten dituzte, eta orduak ematen dituzte elkarrengandik gertu, baina aldi berean inoiz baino urrunago.

Ondorioak gehiago dira, baina ez nuke idatzi honetan sakelekoak eta internetaren eraginari buruzko ekarpen teoriko (maila pedagogikoan eta soziologikoan) bat egin nahi, horretarako jakitunak eta artikulu mamitsuak nonahi aurki baitaitezke. Egoera honek sortzen didan kezka partekatu nahi nuke besterik gabe. Finean, gizartean gauza batzuk arrapaladan aldatzen doaz, eta zenbait aldaketek gizartean duten eragin kaltegarria naturaltasun osoz irensteak amorrua eta kezka sorrarazten dit. Tristura ere bai. Zer esanik ez beste gurasoek esaten didatena entzuten dudanean, alegia, haien seme alabek askatasun handiago omen dutela horrela, haurrak seguruago sentitzen direla eta gainera, gurasoak lasaiago daudela edozein unetan non dauden jakin dezakete eta.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*