MESEDEZ EZ JOLASTU

MESEDEZ EZ JOLASTU



Hondarribiko Puntal auzoko pareta batean, kartel bat badago: Hemen jendea bizi da, mesedez ez jolastu.

Debekuz betetzen ditugu gure kaleak, gure bizitzak. Debekatu ezin dena ere debekatzen dugu. Jolastea galaraztea barre egitea edo negar egitea eragoztea bezain absurdoa baita, haurrarentzat jolastea behar natural oinarrizkoenetakoa baita. Baina debekuak jartzerakoan ez gara haurrekin gogoratzen, ezta herriko kudeaketa egiterakoan ere.

Lezoko udal ordezkariek haurren proposamenak jaso dituztela irakurri ahal izan dugu azken astean. Markesanea orubean zer egin daitekeen proposatu dute Lezoko neska-mutilek: barraskilo lehiaketak, esku lanak, tirolina bat… Ez dira oso gauza sofistikatuak. Orubea gehiegi aldatu gabe uztea eta jolasteko gune ireki eta zabala nahi dutela entzutea ez litzateke harritzekoa ere. Zuhaitzak, belarra, lokatza, harriak, enborrak, ezkutalekuak, putzuak, hondarra… Elementu horiekin jolaserako gune erakargarria egitea merkea litzateke.

Lezokoa notizia da hiri kontuetan haurrei entzuten ohituta ez gaudelako. Zer nolako herrian bizi nahi duten galdetzea ez litzateke ideia txarra, Francesco Tonucci pedagogo italiarrak dioen bezala, haurrentzat egokia den hiri bat, guztientzat egokia baita. Hiri antolamendurako plan orokorrak, mugikortasun planak, kultur programazioak edo ekipamendu plangintzak egiterakoan haurren ikuspuntutik etorkizuneko herriak irudikatzea ariketa interesgarria litzateke, ez bakarrik haurrei zuzen-zuzenean eragiten dieten atalak irudikatzeko, baita herria osotasunean planifikatzeko ere.

Tonucciren ildotik abiatuta, hainbat herri eta hiritan garatu dituzte haurren parte hartzeko esperientziak. Neska-mutilek hausnartutakoak eta proposatutakoak oso zentzuzkoak dira. Italiako Fano hiriko haurrek ideia hau luzatu zuten: “Espazio berde edo libre baten gainean eraikitzen denean haur jolaserako espazioa murrizten da”. Bruselan bildutako neska-mutilek hauxe proposatu zuten: “Hirian helduek aparkatzeko duten espazio bera eduki beharko lukete haurrek jolasteko”.

Ideia zerrenda luzea da, baina Argentinako Rosario herriko haurren proposamena ederra iruditu zait: urtean behin jolas eguna egitea. Hamabost urte daramatzate Rosarion Jolas Eguna egiten. Ez haurrentzat soilik, adin guztietako herritarrentzat zuzendutako ekimena da. Helduei ere, gutxienez, urtean behin jolasteko aukera izateko abagunea luzatzen diete: une batez eguneroko lanak, estresak eta kezkak aparkatu eta ahaztutako “jolas sentsazioak” gogoratzeko tartea da.

Eduardo Galeano idazleari hitz hauek irakurri nizkion aspaldi: Madrileko ostatu bateko horman, kartel bat dago: Debekatuta dago abestea, dio. Rio de Janeiro aireportuko horman, kartel bat dago: Debekatuta dago maletak eramateko orgatxoekin jolas egitea. Beraz: oraindik ere bada abesten duenik, oraindik ere bada jolas egiten duenik.

Hondarribiko Puntal auzotik pasatzen naizenean, oraindik jolas egiten duenik badela konturatzen naiz.

(Oarsobidasoako Hitzan argitaratua 2013ko urtarrilaren 25ean)

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*