HIZTUNEN MUGAK

HIZTUNEN MUGAK



Nire lanaren ondorioz, Euskal Herrian zehar, euskararen inguruan dauden errealitate desberdinak ezagutzea egokitu zait. Dagoeneko hamar urte daramatzat lanean eta ohiturik egon beharko nukeen arren egunero aurkitzen dut harriturik uzten nauen zerbait.

Urte asko dira euskaraz bizitzeko hautua egin nuela. Inguruak bultzatuta, edo nire kontzientziak eraginda, hautu erraz eta logiko bat izan zela ere esan beharra daukat. Egia esan, inoiz ez dut beste hizkuntza batean hitz egiteko joerarik izan, nire inguruak ere ez baitzuen izan. Gaztetan kontzientzia alde batera utzi eta inguruan ditugun lagunak jarraitzeko joera izan ohi dugu. Nire herrian bertan, nire inguru berdina izan duten gazteek gaur egun nik egin nuen aukera hori egiterako garaian, hain erraza eta logikoa ez dela izan esatera ausartuko nintzateke. Nire garaitik gaur egun arte, zer aldatu den jakitea, ikertzea gustatuko litzaidake. Nire balore berdinetan heziak izan dira, tresna berdinak eman dizkiete, herri eta ingurune berdina izan dute, baina emaitza ez da kasu askotan berdina izan.

Bestalde, bidean aurkitu ditudan gazte asko ingurune erdaldunean bizi dira eta alde horretatik euskaraz bizitzeko zailtasunak dituzten heinean, beraien hizkuntza hautua zailagoa izan dela esango nuke. Baina gaurkoan, inguru ez hain erdaldunean bizi eta euskara guztiz arrotza ikusten duten gazteak ekarri nahi nituzke gogora. Ikastetxeetan euskara lehen edo bigarren hizkuntza bezala eduki arren, euskal musika, euskal kultura eta oro har euskararekin loturik dagoen edozer gauza beste munduko zerbait bezala ikusten duten gazteak. Horietako asko eta asko ezagutu ditut, eta batzuetan burbuila batean bizi direnaren sentsazioa izaten dut. Ez dut ulertzen niretzat hain egunerokoa den zerbait, nigandik gertu bizi den gazte batentzat hain arrotza izatea. Badirudi, hizkuntza ez menderatzeak, hizkuntzarekin lotura duen guztia baztertzea ekartzen duela. Azkenaldian horrelako gazte asko ezagutu ditut, euskararekin lotura duen guztia ezezaguna egiten zaie eta beste asko eta asko euskaraz bizi garela jakitean harriturik geratzen dira.

Oso zaila egiten zait, hain gertu egonik, zein urruti gauden pentsatzea. Gizartea anitza den heinean, norbera nahi edo ahal duen bezala bizi da. Aniztasuna beti da aberatsa, baina norbera bere aniztasunean sarturik bizitzea aberatsa al da? Ikusten al dugu gure mugetatik haratago?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*