MASKARAK

MASKARAK



Gutxitan izaten dugu inguruko kaleak pasa diren egun hauetan bezala ikusteko aukera. Mota eta kolore guztietako jantziak nonahi. Joan zaizkigu inauteriak, eta erantzi ditugu mozorroak, baina badira zenbait maskara eranzten zailagoak: egunero- egunero erabiltzen ditugunak.

Maskarak desberdinak izan daitezke: familiarekin gaudela janzten ditugunak, neskekin hitz egitekoak, mutilekin hitz egitekoak, lantokira eramatekoak, haurrekin jolasean aritzekoak… eta batzuk besteak baino ederragoak izan daitezke, baina denek egiten dute gauza bera: benetan garena ezkutuan gorde; horixe baita azken batean maskararen funtsa. Eta ezkutuan mantentzearena inauterietan ondo pasatzeko aukera bada ere, egunerokoan beste ondorio batzuk ekar ditzake.

Zein festa mota da egunero egiten dugun hau? Denok ditugu barne-barnean oso gustukoak ez diren gauzak. Eta zer? Zer gertatuko litzateke besteek gure izaeraren alderdi horren berri izango balute? Beharbada lasaitu ederra hartuko genuke… Konturatzen naiz nire maskara gero eta karga handiagoa hartzen ari dela, eta gero eta esfortzu handiagoa egin behar dudala momentu oro toki guztietara eramateko, eta hala ere, oraingoz ez nago prest gainetik kentzeko… hain da polita nire maskara! Hain dira politak bere koloreak! Eta kenduko banu gauza gehiegi geldituko lirateke agerian; oraindik ez nago biluzteko prest.

Maskarak interesgarriak dira oso, eta aukera paregabea dira besteek idealiza gaitzaten, eta garena baino “zerbait hobea” garela pentsa dezaten; baina hori bai, gure osasuna jokoan jartzearen truke.

Tarteka- tarteka, oso gutxitan bada ere, ikusten dut nire inguruan maskara kentzen ausartzen denik, eta orduan negar malkoak ateratzen zaizkit, eta emozioak gainezka sentitzen ditut. Gogor erreakzionatzen du inguruak transexualak munduaren aurrean onartzen duenean berea ez den gorputz batean preso sentitzen dela. Eta antzeko zerbait gertatzen da zahartzeari beldurra dionak etengabe zaborra pilatzen duela onartzen duenean, edo bulimiak jota dagoenak eguna botaka pasatzen duela, edo bakarrik sentitzen denak gezurrak esaten dituela etengabe… Zaila izaten da horrelako gauzak onartzea, baina kontua garen bezalakoak azaltzea da, garena besteek espero ez duten zerbait izan arren.

Mozorro festa hauetan, inoiz baino gehiago, maskarak kendu nahiko nituzke! Benetan nor naizen jakin nahiko nuke! Egun batean sortu nuen pertsonaia hori desegin nahiko nuke! Dudarik gabe, maskarek zama handiegia dutelako.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*