ISILTASUNAZ

ISILTASUNAZ



Denok dugu inguruan beti kontatzeko gauza interesgarririk duen inor, eta istorio xelebreren bat kontatzen hasi orduko, begi-belarriak aho-zabalik ditugula jaso nahi izaten ditugu bere hitz guztiak. Gustura dastatzen dugu zer-entzun interesgarririk eskaintzen digunaren konpainia. Barre algarak entzutea ere plazera izaten da askotan, baita sekula gehiago ikusiko ez duzun ezezagun batena baldin bada ere. Soinu, ahots edo melodia batzuk beti dira gustagarriak.
Isiltasunak, berriz, min ematen du batzuetan. Ezagutu berri dugun norbaitekin lehenengoz bakarrik egoterakoan, esaterako, larritu egiten gara, bestea gurekin aspertuko delakoan edo. Halakoetan, eta bitxia badirudi ere, behin abesti batean entzun nuen bezala, batzuetan isiltasunak ere desafinatu egiten duela ematen du.

Orain gutxi, norbaiten aitonak egunkaria altuan irakurri behar izaten duela irakurri nuen. Badirudi aitona horrentzat esaten ez denak ez duela egiazko baliorik, hitzek idatzita ez dutela ezertarako balio, gero inork irakurtzen ez baldin baditu. Guk izango genuke aitona horri hitzak haizeak eramaten dituela esaterik, ahoz esanak ez duela zertan paperean idatziak baino egiazkoagoa izan behar esaterik, baina hark, seguruenik, haizeari esker beste norabait iristen direla esango liguke, edota beste norabait eramaten baditu, existitzen direlako eramaten dituela.

Pentsatzen hasia naiz ez ote dugun isiltasunaren beldur izaten ikasi. Isiltasuna arma arriskutsua izan daiteke askorentzat eta ez da komeni gehiegizko isiltasuna. Isilik gaudenean baino ez baikara konturatzen gauza askotaz: aldamenekoak egiten dituen keinuez, etengabe ordulariari begiratzen dion ezezagunaz, nahiz isildu gabe hitz egiten ari dena erabiltzen ari den argudio kaxkarrez.


Eskerrak hizkuntza ez den hitzezkoa bakarrik. Eskerrak gure gorputza gure beldur, gure lotsa eta gure pozen salatari izaten den gu konturatu gabe ere. Eskerrak isiltasunak ez duen batzuetan baino desafinatzen eta eskerrak beste batzuetan gure arnasa eta gure gorputza sentitzea ahalbidetzen digun, eskerrak.

Barre algararik entzuten ez denean, barre txikien konplize izaten da isiltasuna eta indar betez egindako barre algarak bezain goxoak izaten dira horiek askotan, edota goxoagoak akaso.

Isiltasuna gauza askoren konplize bada ere, laguntasun harreman eder baten seinale ere bada. Kirmen Uribek poema batean dion gisan “elkarrekin isilik egotea baita adiskidetasunaren frogarik behinena”.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*