MUGAK

MUGAK



Aberriaren mugak, euskararenak, gure baitan daude gehienak. Txomin Artolaren abestia entzunez Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia oinez pasatu dut. Muga zeharkatu omen dut. Gehienontzat hain erraza dena, zubi bat oinez igarotzea, batzuentzat ezinezkoa dela pentsatu dut. Hendaian edo inguruko herrietan bizi diren eta Irunera pasa ezinik dabiltzan horiekin akordatu naiz.

Bi estatuen arteko muga zehazteko balio duen zubiaren izena ere aproposa iruditu zait: Santiago zubia. Donejakue bidea, lotzeko baino mugatzeko eraiki baitzen. Erromesekin batera kristautasuna hedatzen zen inguruko lurraldeetan eta, beraiekin, merkataritza eta ondasunak ugaritu ziren. Ondorioz, gaztelu eta eliza gehiago eraiki ziren eta eraikin horiekin guztiekin harresi gotor bat gauzatu zen Europan bizi ziren musulmanen aurka.

Baina zaldunen garaia aspaldi amaitu zen eta egungo gazteek zaldia baino, patinetea erabiltzen dute. Santiago zubiaren ondoan skate parke ederra eraiki zuten duela urte pare bat. Gazte pilo bat ikusi dut gora eta behera patinen edo skate taulen gainean. Mutiko horiek (ia denak mutilak baitira) mugak gure baitan daudela sinesten dutela iruditu zait, etengabe grabitatea eta orekaren mugak gainditu nahian baitabiltza.

Aurrera joanda, Gal Stadium-ak kanpoaldean duen aterpe zabalean gizon magrebtar talde bat ikusi dut. Furgoneta handi batetik alfonbrak, kuxinak, mantak eta beste hainbat gauza ateratzen ari dira. Itxuraz, bidaiatzen ari dira eta gaua bertan pasako dute. Horiek ere, hainbat muga zeharkatu beharko dituzte Sahara inguruko beraien etxeetara iristeko.
Eta Saharan ezagutu nuen gazte irundar batekin gogoratu naiz. Duela zazpi urte elkar ezagutu genuen mugarik ez omen duen basamortuan. Mugatuak eta haien herrira itzuli ezinean dauden Tinduf-eko kanpaldietako sahararren artean astebete pasatu genuen. Erakunde eta arlo ezberdinetako pertsonen arteko gure baitako mugak apurtzeko egonaldi polita izan zen. Baina gaur, Davidek kontrolatu ezin dugun muga bakarrarekin topo egin du. Kotxe istripu batean heriotzaren muga zeharkatu du. Helmugara azkarregi iritsi da.

Pentsamendu horiek buruan ditudala, Irungo kaleetara heldu naiz eta, bertan, duela gutxi haurra eduki duen lagun batekin topo egin dut. Alaba besoetan du eta hori ona ez dela etengabe entzuteaz nazkatuta dagoela esan dit. Haurra besoetan egotera ohitzen dela eta kontuz ibiltzeko egunero aditu behar duela. Haurra jaiotzen denetik ere, beraz, mugak jartzeko beharra sentitzen dugu: besarkadak, goxotasuna, ukipena mugatu beharra. Inguruko taberna batean Eskorbuto taldearen abesti zahar bat entzuten da: creéis que todo tiene un límite, así estais todos límitados.

Jaiotzen garenetik mugatuak bizi gara, mugak inguruan ditugu, baina heriotzarena da gure baitan ez dagoen muga bakarra. Azken helmugara iritsi baino lehen, beraz, bakarka eta kolektiboki, mugak apurtzen, aldatzen, gainditzen edo ezabatzen saia gaitezen.

(Oarsobidasoako Hitzan argitaratua 2013ko otsailaren 22ean)

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*