UDABERRIA PARKEAN

UDABERRIA PARKEAN




Baten batek kendu ere egiten dutela esango du, baina neguko kale huts eta ilunak haurrez betetzen hasten direnean, loreak ere agertzen hasten dira, eta zerbaitengatik izango da! Neguan lozorroan egon garela dirudi eta lehenengo eguzki izpiekin esnatzen hasten gara. Loreak, zuahaitzak, haurrak, helduak, guztiak ateratzen gara lozorro luzetik udaberrian. Parkeak ere, luze egon dira bakarrik, goibel, orain berriz, eguzkiarekin batera, jendez betetzen hasten dira. Jolasak, abestiak, barreak, jende artean nahasten dira. Baina zein hizkuntza entzuten da gure herriko parkeetan? Hori ere, herriaren araberakoa izango da, baina zergatik? Parkeak haurren lurralde dira eta haur gehienek D ereduan egiten dituzte ikasketak, orduan, zergatik ez da euskara gehiago entzuten parkeetan? Agian, hemen ere, helduen eredua jarraitzen da. Hau da, zenbat eta gehiago hitz egin euskaraz helduek, orduan eta gehiago hitz egiten dute haurrek. Baina badirudi askok ez dutela mezu hori ulertzen, edo ez dutela ulertu nahi. Behin eta berriz ikusten ditut elkarren artean gazteleraz hitz egin eta haurrari euskaraz hitz egiteko esaten dieten guraso euskaldunak. Kontrako mezuak ematen dizkiete beraien haurrei, euskaraz hitz egin behar da, baina nik ez dut hitz egiten sudur puntan jartzen ez zaidalako. Horrenbesteko esfortzua al da predikatzen dugunaren adibide izatea? Aurrera pausu bat emateko garaia dela iruditzen zait, utz ditzagun alde batera txorakeriak eta egin ditzagun gauzak kontzientziaz eta kontzienteki.

Udaberria parke garaia da, haur garaia, beraiek dira etorkizuna eta gu etorkizun horren erantzuleak. Horregatik, udaberriko kolore, epeltasun eta ilusioak bidelagun ditugula, Euskal Herriko parkeak pixka bat euskaldunagoak bihurtzeko parada aprobetxatu beharko genuke.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*