EMAKUMEAK ETA GIZONAK

EMAKUMEAK ETA GIZONAK



Beste behin iritsi da Lilatoia Donostiara, eta beste behin ere kontrako sentimenduak sortu dizkit barnean. Badira hogeita hiru urte lehenengo aldiz antolatu zela, ia kasualitatez, eta ehun bat emakumek hartu omen zuten parte. Esan beharra daukat irudiek benetan hunkitzen nautela, esan beharrik ez baitago urte horietan zein zaila zen emakumeontzat kirola egitea, eta ausartzen ziren gutxi horiek entzun behar izaten zituztenak! Lilatoia aldarrikapen moduan hasi zen, eta helburu zehatzak zituen: emakumeak kalera ateratzea kirola egitera, emakumeen lankidetza bultzatzea, gizonen eta emakumeen sarien artean berdintasuna lortzea…

Lotsak eta autoestima arazoek indar handia izan dute emakumezkoen kirolaren munduan eta emakume askok eta askok sentitu izan dute ez zirela gai izango zenbait gauza egiteko; zentzu horretan, Lilatoiaren mugimenduari esker pausu handiak eta garrantzitsuak eman dira eta horren atzean, dudarik gabe, sekulako lana dago. Azken batean, emakume askok lasterketa berezi honetan, kirol proba askotan ez bezala, lekua badutela sentitzen dute, eta pausu hori eman ondoren beste lasterketa misto batzuk egitera animatzen dira. Baina Lilatoian emakumeek bakarrik parte hartu ahal izate horrek zalantzak sortzen dizkit.

Antzeko sentimenduak izan nituen nire inguruko mutil batzuk antzerki-tailer batera gonbidatu zituzten batean. Itxura benetan ona zuen, izan ere, matxismoaz hitz egiten dugunean, gehienetan emakumeon bizipenez hitz egiten dugu, baina tailer horretan gizonen bizipenak lantzen ziren. Pena ederra hartu nuen gizonentzat bakarrik zela jakin nuenean, gaia oso interesgarria iruditzen baitzait! Jaso nuen azalpena zera izan zen: gizonek ez zutela hain lasai hitz egingo bertan emakumeak bazeuden.

Eta hain zuzen ere, hortxe ikusten dut nik arazoa: Zergatik ezin ditu gizon batek bere emozioak azaldu aurrean emakumeak daudenean? Zergatik ezin du emakume batek kirola egin gizon bat ondoan duela? Oraindik ere hain barnean ditugun lotsak eta konplexuak dira, hain justu ere, landu behar ditugunak.

Beharbada beharrezkoa izan da Lilatoia emakumeentzat bakarrik izatea. Beharbada beharrezkoak dira emakumeentzako tailerrak eta gizonentzako tailerrak. Baina bihotzez espero dut, gure haurtxoak handitu eta emakumeak, gizonak edo dena delakoak izaten direnean, elkarrekin egingo dutela korrika berdintasunaren alde, eta elkarri kontatuko dizkiotela emakume nahiz gizon izateak ekartzen dituen bizipenak.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*