GABONETATIK FINLANDIARA!

GABONETATIK FINLANDIARA!



Gabonak atzean utzi ditugu, garai onak, zoriontsuak, familiak biltzen direnekoak…behintzat hala iristen zaigu dugun gizarte honetatik. Bestetik errealitatea dago, askorentzat garai politak direla, baina beste askorentzat ez. Zergatik ospatzen ditugu Gabonak hain modu berezian? Olentzero, Papanoel, Erregeak… fantasiaz betetzen ditugun egunak dira, baita leporaino jateko eta edateko otorduak ere…opor garaiak askorentzat…Hori guztia noski, aukera duenarentzat da.

Askotan gauzak pentsatu gabe onartzen ditugu, horrela dira eta punto! Gabonekin sortutako zenbait ideia garatzeko buruan nituen bitartean (kontsumismoa, familia, behartutako elkartzeak, zoriontasuna…) “Salvados” programa ikusten jarri eta gaia erabat aldatzea erabaki dut. Finlandiako hezkuntza sistema!

Programa ikusi aurretik banituen buruan handik eta hemendik jasotako pintzelada batzuk gai horren inguruan, baina ezer konkreturik ez. Zeharo harrituta utzi nau programa hori ikusteak. Banekien gure hezkuntza sistema ez zela egokiena eta programan aditu batek horrela esan zuen (Espainiari zuzenduta): “Oraindik ez dut enpresarik ezagutzen jendearen ezagutza maila eskasagatik itxi behar izan duenik”. Ez dakit zein puntutaraino hori egia izango den, baina nire ustez maila nahikoa jasotzeko hezkuntza sistema izan dezakegu. Beste kontu bat, maila puntual bat lortzeko jarraitu beharreko bidea da. Eta ni horretara nator.

Hasteko, politikoen adostasun maila aipatzekoa iruditu zitzaidan, denen artean epe luzerako hezkuntza sistema bat eraiki zuten, benetan eraginkorra eta sendoa izango zena eta bakoitzaren ideologiak lau urtean behin hezkuntza sistema ez aldatzera ekarriko zuena.

Bertako gizartean erabat errotuta dute hezkuntza sistema, publikoa eta guztiz doakoa da. Ez dute libururik, ez jangelarik, ez ezer ordaindu beharrik. Dauden eskola pribatuak %2a besterik ez dira. Publikoak horrenbesteko garrantzia eta ahalmena du, ezen ideologia dena delakoa izanda ere eskola publikoaren alde egiten dutela denek.

Haur hezkuntzan, eskolak 45 minutukoak izaten dira eta tarteetan 15 minutuko deskantsuak egiten dituzte. Urte horiekin kontzentrazio ahalmena neurtua dute eta badakite hortik gorako kopuruak ez direla eraginkorrak.

Jangela garaian irakasleek bere klaseko haurrekin bazkaltzen dute, momentu horretan heziketak jarraitu behar duela badakitelako. Irakasle izateko betebeharreko baldintzak hain dira handiak, non magisteritza ikasi nahi dutenen %15ak bakarrik lortzen dutela ikasketa horiek gauzatzea. Horretaz gain, ospe handiko lana da irakaslearena, oso begi onez ikusten dena.

Azken pintzelada deigarri gisa, honatx hurrengoak: gurasoak haurren klaseetara joan daitezke irakasleak zer moduzkoak diren ikustera (azken finean, zati handi batean, beraien haurren heziketaz arduratuko dira), eta gainera eskoletan bertan erakusten diete gurasoei bigarren hizkuntza, haurrekin irakasgai horretako etxerako lanak egin ditzaten.

Hemen azaldutakoaz gain beste gauza asko geratzen dira argitzeko, horregatik bideoa ikustera gonbidatzen zaituztet:

http://www.lasexta.com/videos/salvados/2013-febrero-3-2013020300007.html

Beste hezkuntza sistema bat posible da, hori argi genuen, baina errealitate dela ikusteak emozionatu egiten nau! Zuek?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*