ZAPATA GORRIAK

ZAPATA GORRIAK



Bereziki gustuko ditut Mirenen zapata gorriak. Ikusi orduko haiei begira geratu nintzen, kolore bizi horrekin zaila baitzen haietaz ez ohartzea.

Miren, han eta hemen ibiltzen da bota eder horiekin eta nire artean askotan pentsatzen dut gustura jantziko nituzkeela nik bota horiek.

Iritsi da egun hori, gaur botak janzteko aukera izan dut. Mirenek bere botak utzi dizkit. Nereak kendu eta poz pozik jantzi ditut. Jantzi orduko konturatu naiz ez zirela nire neurrikoak, baina hala eta guztiz ere, biraka, hanka puntetan,.. ibili naiz irrikaz. Ispiluarekin topo egin dudanean, ordea, Mirenen soinean hobeto gelditzen zirela iruditu zait, izan ere, handiak ditut eta nabari da. Nire gorputzean bat-batean neurriz kanpo dagoen zerbait ikusi dut ispilu aurrean. Horrela ikusiko dute besteek ere? Agian nik bereziki sumatzen dut horri begira nagoelako. Ibiltzen hasi eta deseroso sentitu naiz, ibiltzeko modua normalean baino traketsagoa sumatu dut, nire neurriko zapatak ez izateak ibiltzeko, mugitzeko modua eragozten baitidate. Pixkanaka hasieran nuen ilusioa jaisten joan da, ez baita izan nik irudikatzen nuen modukoa. Oinetara begiratu eta nire artean pentsatu dut: “oso politak dira, baina ez dira nire gorpuzkerara egokitzen”.

Botak kendu eta nire zapaten bila abiatu naiz. Nire zapatak urdinak dira, ez dira bereziki politak, edo horrela iruditzen zait niri, baina jantzi orduko nabari dut desberdintasuna. Hauekin bai, ibili, korri eta salto ere lasai asko egin dezaket. Zapata urdinei begira geratu naiz tarte batean eta agian hobeto zaindu beharko nituzkeela pentsatu dut, nirekin makina bat joan etorri egin dituztela eta aurrerantzean ere bidelagun izango ditudala.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*