IRIZPIDEA

IRIZPIDEA



Hiztegiari begiratuz gero, irizpide hitza arauarekin, iritziarekin, epaiarekin eta horien inguruko gaitasunekin lotzen da. Euskarazko osaketa etimologikoan ordea, irizpide hitza kontzeptua bezain aberasgarri dela esango nuke. Nonbait, gauza hauetaz jakitun ez naizela hasieratik aitortuz, bi hitzen batura ikusten dut irizpide hitzaren erdian, bete-betean: iritzia eta bidea.

Euskarak kontzeptuari egiten dion ekarpen paregabea, munduko beste hizkuntza nagusiek egiten ez dutena, Kirmen Uriberen “munduari begiratzeko modua” abestian idatzitakoan gertatzen den bezala. Alemanierazko kriterium, galoen critére eta ingeles ahaldunaren criterion hitzek, ez dute iritzien eta bideen sinergiarik irudikatzen. Nonbait, euskarazko irizpidea iritzi bat osatze aldera egiten dugun bidea baita. Eta kasu honetan, niretzat, bideak hartzen du garrantzia, alegia, nondik norakoak, prozesuak, errealitatea begiratzeko erabiltzen dugun begiradak, betaurrekoek… Pertsonen artean eraikitzen ditugun bideak, hizkuntzak, hurbildu eta urruntzeko moduak, opari papera baino oparia bera dira. Eta pertsonez ari garenez, heziketa alorrean gabiltzanontzat aipaturiko bide horiek garrantzi berezia hartzen dute: prozesuak, eta prozesuaren baitan ematen diren harremanak, erlazioak, elkarreraginak, elkar elikatzeak, jarrerak, posizionamenduak… Finean, pertsonen osaketa jarraituak. Eta irizpiderik gabe jai daukagulakoan nago ni. Formazio eta titulazio guztiak ez dira nahikoak heziketa harreman egokiak eraikitzeko, irizpideetan dago gakoa. Eta kezkatzen hasia nago biderik gabeko iritzietan aspaldian eroriak gaudela, irizpide argirik gabeko hartu-emanetan. Eta horrela, jai daukagu. Tamalez, irizpidea ezin daiteke hedadura handiko dendatan erosi, ezta denetik aurki dezakegun ebayeko atari boteretsu horretan ere ez. Irizpidea norberak, txikitatik eraikitzen joan behar duen begirada da, etengabea, jarraitua, bakoitzak bere bidea, begiratu eta ikusi ez direlako sinonimoak, posible delako entzutea aditu gabe, jateak eta elikatzeak ez dutelako zergatik eskutik joan behar…

Kasu, bestela, irizpiderik gabe, hatzaz ilargia adieraziko baitigute eta hatzari baino ez baitiogu begiratuko.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*