ISPILU JOLASA

ISPILU JOLASA



Lehen aldiz ikusten dugunean ez dakigu beste aldean dagoena zein den. Kristal baten atzean dagoela eta guk egiten dugun guztia egiten duela baino ez dakigu berari buruz.

Zerbait gehiago jakin nahian, zera esaten diogu: “Ei! Kaixo!”. Berak ere zerbait esaten duela dirudi, baina gure ahotsak ez digu berea entzuten uzten. Ezinezko zaigu bioi aldi berean mintzatzea.

Eskuak alde batera utzi eta masailean musu ematen saiatzen gara orduan, baina, hemen ere, gure ezpainak bere masailetara iritsi aurretik, aurrea hartzen digu. Musu ematen diogun une berean ematen baitigu musu berak ere. Hortaz, ezpainetan baino ezin diogu eman musu elkarri.

Guk berarentzat egiten dugun guztia egiten du berak guretzat. Hala, guk berarekin jolastuz gero, gurekin jolastuko du berak ere. Imitazio jolas guztiz sinkronizatua egiten dugu elkarrekin. Halere, ez du graziarik elkarrekin denbora luzez jolasean aritzeak. Beti egiten baitugu nik nahi dudana. Tranpa egitearen gisakoa suertatzen da kristalaz bestaldeko jolaskidearekin jolastea.

Edozein kasutan, jolasean bada kontrolatu ezin dugun tarterik. Izan ere guk begiak ixterakoan berak ere itxi egiten dituela pentsa da zentzuzkoena, baina ez daukagu hori horrela dela seguru jakiterik. Izan ere, batek daki, agian, gure desabantailaz baliatuta, orduantxe egingo du guk espero ez dugun zerbait gure jolaskideak. Baliteke bere belarritako bat kentzea, alkandorako botoia askatzea edota kristaletik ateratzea. Guk begiak itxi bitartean dena da posible. Guk begiak irekitzerakoan, berriz, jarraipena ematen diogu imitazio jolas sinkronizatuari.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*