IZURDEAK ELURRETAN KORRIKA

IZURDEAK ELURRETAN KORRIKA



Aurreko hilabetean izurde talde bat Hondarribiko hondartzara iritsi zen. Iluntzen ari zen eta euria hasi zuen, baina ez genuen bi aldiz pentsatu, haurrekin batera hondartzara hurbildu ginen. Udan jolasean aritzen garen uretan izurdeak igerian ikustea magikoa suertatu zitzaigun.

Handik bi egunetara elurra egin zuen. Ez zuen kaleak zuritzeko adina egin, baina poztu egin ginen. Elurrak ere nolabaiteko magia dakar berarekin. Mendiak elurtuak ikustea eta bertara hurbiltzea, elurrarekin jolastea, polita da, baina egunero zeharkatzen ditugun kaleak eta plazak zuri-zuri ikustea ezuste atsegina da. Halako gertaerak eguneroko bizitzaren estresari, ezbeharrei, berri txarrei, monotoniari aurre egiteko opariak dira. Izurdeak saltoka ikusteak edo elurrezko panpina etxe ondoan egiteak emozio berezia sortarazten digu, eguneroko ordena gainditzen dutelako.

Aste berean Euskal Herrian barna beste opari bat zebilen eskuz esku eta bidez bide emozioak sortzen: Korrika. Andoaindik abiatu zenetik igaro dituen herri guztietan jende ugarik sentitu du ekimen honen indarra. Duela hogeita bost urte Teresa del Valle antropologoak bi urtean behin ospatzen den erritu honek duen indarra azaldu nahian azterketa sinbolikoa egin zuen. Hainbat elementu garrantzitsu topatu zituen: tradizioa eta modernitatea, lurraldetasuna, mugak gainditzea… Baina batez ere, Korrikaren bi elementu azpimarratu zituen: talde izaera eta mugimendua. Korrikak talde izaera indartzen du gertuko errealitatean txertatuz eta erantzun espontaneoa sortuz. Gainera, korrika eginez hizkuntzaren izaera dinamikoa azpimarratzen da. Korrika ez da geratzen. Lekukoa herriz herri dabil, eskuz esku. Gauza bera gertatzen da euskararekin, ez du etenik. Denboran eta espazioan transmititzen da belaunaldiz belaunaldi. Izan ere, Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, euskararen egiazko misterioa ez da jatorria, iraupena baizik.

Zailtasunen aurrean taldean mugitzeak indarra ematen du. Euskarak bizirauteko dituen arazoei aurre egiteko taldean korrika egitean zailtasunak konpondu daitezkeela sentitzen da. Horretan datza, Korrikaren izaera magikoak. Denbora gainditzen du, bizitzen dugun unea gainditzen du. Korrika kontrolatu ezin den indarra da, eguneroko kontroletik at dagoena.

Agian, izurdeak itzuliko dira gure hondartzetara, baita elurra ere gure mendi eta kaleetara. Baina, bi urte barru gure herrietara ziur itzuliko dena Korrika izango da bere magia eta indar guztiarekin. Zain egongo gara!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*