AKEITA, TXOLA ETA TXOKOLA

AKEITA, TXOLA ETA TXOKOLA



Nire aitak oso gogoan ditu bere amak askotan errepikatu zituen hitz hauek. Amona Nafarroako Bidasoa ibarreko herri batean jaio zen arren, Tolosara etorri zen txikia zela bere senitartekoekin. Bertan ezkondu eta osatu zuen familia, eta garai haietan bere seme alabei euskara transmititzen saiatu zen arren, ez zuen lortu.

Ez zuen batere bizitza erraza izan amonak, gerra ostean senarra kartzelara sartu eta urte oso gogorrak bizi izan zituen familia aurrera ateratzeko. Oso familia zigortua izaki, hasiera batean bere seme alabei euskara transmititzen saiatu bazen ere, honek sortu zitzaizkiokeen arazoen beldur, etsi eta bere ama hizkuntza alde batera uztea erabaki zuen. Hala ere, nik ezagutu nuen amonak, ez zuen islatzen garai haietan bizi izan zuena. Gaur egun, honen inguruan pentsatzen dudanean, aitonak eta amonak, beraien bizkar gainean zama handiegia eraman zutela iruditzen zait. Familian ez zen gai hauen inguruan hitz egiten, beraientzat mingarriegia izan zitekeelako, agian. Hala ere, nik amona alaia, goxoa, azal leunekoa eta txintxoa dut gogoan. Bizitakoarekiko bestelakoa, begirada maitekorrekoa. Gaur egun, ordea, bizi garen gizarte honetan, edozerekin atsekabeturik bizi garela iruditzen zait. Dena da arazo, eta arazorik ez badugu, bat asmatzen dugu. Ez dakigu, dagoena onartu eta aurrera egiten. Kalean nagoela, ingurura begiratu eta askotan ikusten dut jendea kopetilun, pentsakor eta triste.

Egia da ez direla oso garai errazak, familia asko eta asko momentu latzak bizitzen ari direla, eta agintarietan konfiantza guztiz galdua dugu dagoeneko. Arazoak ikusten ditugu, baina konponbideak? Nire amonak bizi izan zituen garaiak ez ziren errazagoak izan, baina akeita, txola eta txokola, berak bizitza ikusteko zuen modua islatzen dute. Hiru hitz hauek bizitzaz, bere moduan, gozatzea gustatzen zitzaiola esaten didate. Zoriontsu izaten jakin zuela, hori lortzeko osagarri asko ez zituen arren. Egoerari aurre egiteaz gain, atzean uzten jakin zuen. Aitona-amonak gogora ekartzen ditudanean, ikastolako bidean bat-batean, handik pasako nintzela jakingo ez balute bezala agertzen zireneko uneak gogoratu eta berriz ere nire aurrean egongo balira bezala ikusten ditut. Irribarrez, bai, baina aitonak begirada tristea du, zoriontsua dela esango nuke baina, bere begiek, begiradak, tristura ikutu bat dutela iruditzen zait. Ez dakit aitonak, bizkar gaineko zama astun hura, inoiz guztiz atzean utzi zuen, nik baietz pentsatu nahi dut, baina bere begiradak ezetz esaten dit. Ez dakit baina, jakingo al du gizarte honek, aurrera egiten, gure arbasoek egin zuten bezala?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*