MODAKO TRAMANKULUAK ETA DIOGENESEN DILISTAK

MODAKO TRAMANKULUAK ETA DIOGENESEN DILISTAK



Ero moduan gabiltza merkatura ateratzen den azken produktua noiz eskuratuko, nahiz eta badakigun denbora kontua baino ez dela; aurki aterako baita momentuko gauzarik modernoena ordezkatuko duena. Abiada bizian doa trena, eta hartu beharrean sentitzen gara, inori ez baitzaio gustatzen geltoki huts batean bakar bakarrik gelditzea. Abiada bizian doa trena, bai, baina ez dakigu aurrera edo atzera doan. Dakiguna da promesaz gainezka iristen dela: zoriontasuna, askatasuna, osasuna, boterea, ongizatea… eta horrelako hitz politek erabat liluratu gaituzte. Baina promesak beti promes.

Eta trenean doazen tramankuluetan boteretsuena: punta puntako teknologia. Lehendik ere azaldu zaigu blog honetan teknologia berrien inguruko kezka. Ba ni ere kezkatzen nau kontu horrek. Askotan entzuten dugu teknologia, berez, ez dela ona ezta txarra ere; neutroa baizik. Eta erabiltzailea omen da teknologiaren erabilera ona edo txarra egiten duena… gakoa ongi erabiltzean legoke.

Joxe Azurmendi filosofoak teknologiaren naturaltasuna zalantzan jarri zuen bere Teknikaren Meditazioa liburuan. Bere ustez, teknologia neutroa dela dioen ohiko baieztapen hori oso “tranposoa” izan daiteke, teknologia giza-tipo batek sortzen duelako, eta “ikustea” aldatzen duelako. Eta zer gertatzen da ikuste berri bat sortzen denean? Natura bera ere aldatu egiten dela. Teknologia berri bakoitzak gizartea norabide bat hartzera bultzatzen du, helburu batzuetara egokitzen delako. Beraz, kontua ez da soilik erabilera egoki bat ematearena; trenak aldez aurretik bere norabidea markatuta baitauka!

Egia da berrikuntza guzti honek askatasuna eman dezakeela, eta gauzak izugarri errazten dizkigula, baina ez dezagun ahaztu izugarrizko menpekotasuna ere sortzen duela; edozein drogak baino askoz ere menpekotasun handiagoa. Askatasuna ez da etengabe behar berriak sortu eta horiek asetzea. Zeinek kontrolatzen du zein? Zer izango ginateke gu gure tramankulu guztiak gabe? Ahaztu egin zaigu horiek gabe bizitzen, baina gero eta arazo gehiago sortzen dizkigute.

Eta kontu hauei buruz ari naizela, Diogenes datorkit burura, eta ez naiz bere sindromeaz ari… Baliorik gabeko gauzak pilatzeagatik baino, luxurik gabeko bizitzagatik egin baitzen ezaguna.

Diotenez, Diogenes dilista platerkada bat jaten ari zen etxe bateko atarian. Dilistak ziren Atenaseko elikagairik merkeena. Orduan, Aristipo, luxuzko bizimodua zeramana, ondotik igaro, eta horrela hitz egin omen zion: “Ai, Diogenes! Otzanagoa izaten ikasiko bazenu eta erregea gehixeago lausengatuko bazenu, ez zenuke hainbeste dilista jan beharrik izango!” Eta Diogenesek horrela erantzun omen zion: “Ai, Aristipo! Dilistak jaten ikasiko bazenu, ez zenuke hain otzana izan beharko eta erregea hainbeste lausengatu beharko!”

Diogenesek erakutsi zigun askatasuna ezeren menpe ez egotetik datorrela, eta tramankuluen trenak menpekotasunaren norabidea darama berariaz. Modako gauzak eskuratzeko beharrak, erosotasunaren esklabo bilakatu al gaitu?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*