ARAUAK NOLA BIZI DITUGU?

ARAUAK NOLA BIZI DITUGU?



Badira urte batzuk Urtxintxan ikastaroak ematen ditudala eta urte hauetan guztietan atentzioa eman izan didan komentario edo gogoeta batekin natorkizue oraingoan. Arauekin lotutako bi egoera konkretu azalduko dizkizuet eta egoera horietan errepikatutako joera zehatz batzuen irakurketa bat egiten saiatuko naiz. Ziur nago arauen inguruan beste egoera askotan ere hitz egitea egokituko zitzaidala, baina bi momentu hauek bakarrik aztertuko ditut, askotan bizitzea egokitu zaidalako (askotan errepikatu baititut bi ikastaro hauek, Jolasena eta Talde dinamizazioarena).

Jolasen inguruko formazio saioetan jolasen ezaugarrien inguruan hitz egiten dugun tarte bat izaten dugu. Zazpi ezaugarriren artean bat, arautua dela esaten duena da. Nire kalkuluen arabera, gutxienez 50 bat aldiz emango nuen ikastaro hau.

Jolasen ezaugarriak lantzerakoan, zazpi ezaugarriak irakurri eta gero, gehien gustatzen zaiena aukeratu behar izaten dute, eta oso oker ez banago inork ez du arautua dela esaten duen ezaugarri hau lehenetsi besteen aurretik, ikastaro bakar batean ere ez. Hau ez ezik, arauak eta jolasa lotzeko zailtasunak askotan sumatu izan ditut, jolasaren ezaugarrien artean egoteak min emango baligu bezala. Beste ezaugarri batzuek eztabaidarik sortzen ez badute ere, ezaugarri honekin bat ez zetorren jende asko topatu dut, azalpena eman artean behintzat.

Gogora datorkidan beste momentua, Talde dinamizazio saioaren parte den taldearen definizioa da. Onartutako arau batzuen arabera funtzionatzen duela da taldearen definizioko bost puntuetako bat. Nahiz eta talde guztietan idatzizko arauak ez izan, taldeak iraungo badu, arauen onarpena ezinbestekoa da.

Taldearen definizioa sortzeko berriz, banaka pentsatu behar izaten dute taldearen definizioa. Banakako definizioa binaka osatzen dute gero, launaka ondoren, taldean bi definizio egon arte. Modu horretan, banaka egondako ideia guztiak bilduta, taldearen definizio osatuago bat lortzen dugu denon artean. Oso definizio landuak, osatuak jaso baditut ere, taldearen definizioa osatzea egokitu zait beti (15 bat taldetan hitz egingo nuen honez gero gai honen inguruan). Eta beti ezaugarri berbera ahazten dute. Onartzen dituzten arau batzuen arabera funtzionatzen duela taldeak, alegia.

Izan daiteke bi dinamika horietan garrantzia berezia ez izatea arauak berak, baina ez dut uste hala denik, eta 65 bat ikastarotan egoera berberarekin topatzea ez zait kasualitatea iruditzen. Bestalde, arauekin lotutako azalpena ematean, askatasun ideal eta utopiko horretara bidean oztopo bezala sentitzen ditugula sumatu dut orokorrean, konnotazio negatiboak pisu asko hartuz. Nire hipotesia zera da, arauek oso prentsa txarra dutela gurean, eta horrexegatik ez dugula lotzen jolasaren edo taldearen ezaugarriekin. Taldeak eta jolasak konnotazio positiboa duten bitartean, beraien ezaugarrien artean konnotazio negatiboa duen ezaugarri bat ezin sartu.

Gure ikastaroetan nerabe dezente izaten baditugu ere, ikastaro hauetan heldu askok parte hartu izan du. Nerabe eta arauen arteko elkarbizitza gatazkatsua ulertu badezaket ere, helduen kasuan ere errepikatzen den joera dela esango nuke lehen aipatutakoa.

Nire ustez hezitzaileon eginbehar garrantzitsuenetako bat mugak jartzearena da. Muga horiek zehaztu eta esplizitatzeko beharrezko ditugu hezitzaileok arauak. Arauek seguruago sentiarazten gaituzte, babestu egiten gaituzte. Arauak ezarri eta betearaztea ere hezitzaileon ardura da, eta ezinbestekoa da arau hauen arrazoiak azaltzea, heziketa baldin bada gure helburua. Arau hori hausteak zer eragin dezakeen ulertzea eta arauen betetzeak zer eskainiko digun ohartaraztea, arauak zerrendatzeak baino garrantzitsuago beharko luke izan. Eta bukatzeko, arau logiko eta beharrezkoak bakarrik ezartzea.

Urtxintxatik jarraituko dugu arauen garrantziaz hausnartzen eta hauen transmisioa nola egin jakiteko aholkuak ematen, baina uste dut beste espazio batzuetan ere gure bide berean urratsak ematea beharko genukeela. Zuk emango al duzu zure urratsa?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*