BIZITZAREN LURRA

BIZITZAREN LURRA



Aurreko asteburu honetan, tarte bat hartu dut baratzean lan pixka bat egiteko. Iazko azaroan bildu genituen azkeneko barazkiak, eta ordutik hona, lurrari bere berezko ibilbidea egiten utzi diogu, alegia, atseden hartzen utzi diogu, bere onera etortzen utzi diogu. Aisia eduki du lurrak nahi zuena egin ahal izateko. Lurrari bere horretan izaten utzi diogu. Lurrak bizitzaren gordintasuna onartu eta jaso du. Lurrak lurra izaten jarraitu du. Eta noski, lauzpabost hilabetetako ibilbide honetan, ibilbide naturalean, lurrak bere berezko lorategia sortu du.

Hilabete horietan zehar lurrarekin harreman bat izaten jarraitu dut. Begiratu egin dut, sentitu egin dut, ikusi egin dut, beragan pentsatu dut. Lurrarekin kontaktuan egon naiz eta lurraren adierazpenak jaso ditut. Egia da, maila batean, lurraren lanketan oso ibilbide laburra dudala, ez ditut lurraren lanketari buruz egon daitezkeen ezagutzak besteengandik jaso, askoren begietara beti izango naiz ez-jakituna. Nahiz eta ezingo didaten ukatu begirada bat dudala, entzumen bat dudala, ulermen maila propio bat, harreman bat… eta horei esker, zenbait ezagutza zehatzetatik urrun egotea ez da oztopo, hori ez da muga hilabete batzuk barru lur horretatik jaioko den uztatik jateko ilusioa edukitzeko. Bizitzan ere hainbatetan horrelako zerbait gertatzen da. Jarduera zehatz bat burutzen dugu, edo erabaki batzuk hartzen goaz… Eta lurra bizitza da. Bizitza maila gorenean. Eta blog honetan, aisiaz zein heziketaz aritzen gara, hots, bizitzaz.

Eta jakin ezazue, honetan ere ez dagoela toki bakar bat non begiratu, ez dago erantzun bakarra, lana egiteko modu ugari daude, bakoitzak bere arrazoiketa du, litekeena da denek arrazoia edukitzea, uzta modu askotara lan eginik jaso daiteke,…alegia, aukeraketa bat egin beharra dago. Eta aukeraketa norberak egin behar du. Gertatu izan baitzait behin baino gehiagotan, oso kuriosoa den fenomenoa, nekazaritzaz “dakiten” lagunei galdetu, eta kosta egiten zaie erantzuna ematea, erantzun zuzen eta zehatza… Erantzun gehienak, esaldi gehienak molde honetako hasera izan ohi dute: “Beno, segun…”, “batzuk esaten dute…”, “beste batzuen arabera…”, “ez dakit ba…”, … eta agian horrela izan behar du. Orain ulergarriak egiten baitzaizkit erantzun horiek. Hazi berdinaren balizko ibilbide zehatzaz hitz egitea lurra, airea, tokia, eta inguruneak sentitu ez badira. Neurri batean, ibilbideak, emozioarekin eta sentimenduarekin bat doaz. Bizitza, neurri batean, frogak egitea ere bada, ikasitakoa kontziente egin ahal izateko, besteek kontatutakoan oinarritutako ikasketak zailtasunak dituelako ezagutzen munduan murgiltzeko, ikasketak bizipena behar duelako bidelagun. Informazioa jasotzearen eta gureganatzearen arteko dikotomia. Heziketaz, orokorrean hitz egin daiteke. Baina nola teorizatu haur talde bati buruz aurrez aurre sentitu, ikusi eta hausnartu ez dugunean?

Lurra prestatzea burutu beharreko lehen lana da. Sakonera handiko ildaskak egin eta lurra irauli behar dela diote batzuek. Beste batzuek ordea, dagoen horretan uzteko, azaleko belarra kentzea nahikoa dela, kontrakoa eginez gero, lurrak berez antolatuak dituen aberastasunen ordena eraldatu egiten baita. Nik lurra prest utzi dut, prestaketa harremana eraikia izan da eta aurreko lerroetan esandakoagatik, ulertuko duzue egindako prestaketa motaz ezer gehiago ez azaltzea. Heziketa harremanekin gertatu ohi den moduan, epe ertainean ikusiko dira emaitzak eta ondorioak. Lurraren kasuan, bizpahiru hilabete barru. Giza harremanetan, ez beti hain azkar. Eta eraikitzen diren harremanetan, ez da bakarrik bestea aldatzen. Norbera ere bai. Elkarrekiko eraldaketa.

Ongarria behar du lurrak. Mota desberdinetako ongarriak daude. Eskura ditudan aukeren artean, behi ongarria zabaldu dut. Gertuko baserritarraren opari, mila esker zuri. Lurrak ere, taxuzko zerbait hazi dadin motibazioa ere behar baitu. Baina hau ere neurrian, bai kalitatean bai kantitatean. Motibazio gehiegik, desegokiak, lortu nahi diren helburuetatik aldentzea ere ekar baitezake. Suposatzen du.

Hurrengo asteetan etorriko dira egin beharreko beste lanak. Horretan ere jakin behar da pazientzia edukitzen. Eta ekintzatitisaren gaixotasunean erori aurretik, baratzean ere ez dago sobera planifikatzerik. Alegia, urtaroa, lur soroaren tamaina, etxekoen gustuak barazkiei dagokienean, barazkien arteko harremanen bateragarritasuna, aurreko urteetako barazkien kokalekua, ureztatze sistema zein eta nolakoa izango den …Denak duelako eragin zuzena. Ez delako ona urte batetik bestera betikoekin, berdinekin egotea. Desberdinekin egoteak aberastu egiten duelako, gaituelako. Batzuk besteekin baino hobeto konpontzen direlako, garelako. Urte batetik bestera toki berean egoteak aberastasuna agortu egiten duelako, digulako. Gertu egoteak dakartzan bateraezintasunei ezin zaielako muzin egin. (…)

Behin planifikazioa egina dudala, lursailak baratza forma hartzea bideratuko duen ekintzarekin hastea posible izango dut, hots, ereitea edota landatzea. Landatzearen kasuan, landare txiki hauskorrak arretaz maneiatuz, zainduz. Hazten doazen heinean beharrezkoa izan dezaketen espazioa aurreikusi…

Oinarria ezarrita dago. Bizitzak egingo du gainontzekoa. Gertutasuna lagungarri da, landareen egoeraren behaketa, ikusi nola hazten duten, zer “dioten”… Konfiantza bidelagun. Baina ez konfiantza itsua. Beti adi egon behar baita kanpo faktoreetara, nagusiki kaltegarriak suerta dakizkigunak, eta horientzako neurriak aurreikusi eta behar den unean inplementatuz. Izurriteak, indartze neurri prebentiboak, prebentzio lanak.

Blogerako idatzi honek lurra hartu du. Lurra prestatzen ari nintzela sortu zitzaidan honi buruzko hausnarketa eta idazteko gogoa. Hor emaitza, hor uzta.

Ez du axola gure bizitza zein puntutaraino den hiritarra, gure gorputzak nekazaritzatik bizi dira; Lurretik gatoz eta bertara itzuliko gara, eta horregatik bizi gara nekazaritzan, geure haragian bizi garen bezala.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*