ORAINDIK EZ

ORAINDIK EZ



“Gazteek kaleak betetzen dituzte buila eta iskanbila sortuz eta dena zikin-zikin eginda uzten dute!”. Antoniok 67 urte ditu eta ez da Madrileko Puerta del Sol-en bizi, ezta Donostiako Bulebarrean ere. Ez da M15eko gazteez hitz egiten ari, ezta Aske Guneko gazteez ere. Gure inguruko herri batean bizi da eta astebururo etxe azpian elkartzen diren gaztetxoekin haserretzen da. Espaloia zaborrez beteta topatzeaz gain, larunbat eta igande arratsaldeetako oihu eta zarata etengabeak ez ditu batere gustuko.

“Zaharren betiko diskurtsoa! Zer nahi duzu egitea?” Mikelek 13 urte ditu eta asteburuetan kalean elkartzen da lagunekin. Adin bereko nerabe gehienek bezala gozokiak erosten ditu eta arratsalde atsegina pasatzen ahalegintzen da.

“Etxetik ateratzen ere ez didazue uzten!. Egungo gazteek ez dute ezer errespetatzen!”. Mirenek 72 urte ditu. Larunbatero etxe atarian neska-mutil koadrilak eserita topatzen ditu eta, gainera, pipa azalez beteta uzten dute sotoa.

“Nora joango gara? Zahar hauek beti berdin!”. Maddik 14 urte ditu, lokala edukitzeko gazteegia da eta larunbat arratsaldea lagunekin kaleko txokoren batean igaro nahi izaten du.

Zaila dirudi nerabe eta adinekoen artean elkar ulertzea. Gure gizartea, gizarte zaharra da eta gaztetxoek kalean traba egiten dute. Haur eta gazteak oraindik ez taldea dira. Hori aipatzen zuen Gironako Unibertsitateko Fernan Casas-ek elkarrizketa batean. Bere ustez, gaztetxoentzat gurea ez den beste kategoria bat sortzen dugu: oraindik ez dira helduak, oraindik ezin dute erantzukizunik eduki, oraindik ez dakite zer den bizitza, oraindik ez dituzte gure eskubide berdinak…Eurak oraindik ez taldekoak dira eta gu dagoeneko bai taldekoak.

Casasek zioen taldeen arteko harremanetan lehen-lehenik mahaigaineratzen direnak bi taldeen arteko ezberdintasunak direla: etorkina eta bertakoa, emakumea eta gizona, kristaua eta musulmana…norberak berea goratzen du, eta bestea gutxiesten. Horixe da helduok egiten duguna gaztetxoekin “nora iritsiko gara egungo gazteria honekin?” diogunean eta, maila batean, hori da gaztetxoek egiten dutena helduekin “zahar hauekin ez dago ezer egiterik!” esatean.

Zorionez, tarteka dikotomia eta aurreiritzi horiek zalantzan jartzeko ekimenak burutzen dira. Pasa den martxoan, adibidez, Antxoko Kultur Etxean ekitaldi hunkigarria ospatu zen. Bidaide izeneko Ikasketa eta Zerbitzu Solidarioko programaren barruan, hamalau urte inguruko hainbat gaztek herriko aitona- amonentzat festa txiki bat antolatu zuten. Bertan, adinekoen gaztaroko bizipenak gogoratuz, gazteek prestatu zuten bideo-muntaiaren proiekzioa aurkezteaz gain, antxotar gazteek prestaturiko jaki goxoak dastatuz, gorputza astindu zuten guztiek elkarrekin denen gustuko abestiek entzun bitartean.

Antxoko gaztetxo hauek zerbitzu komunitario interesgarri hau eskaini zuten emaitza ezin hobearekin. Ainhoa izeneko gazteak zioen moduan, esperientzia honen bidez “Gizartearen mesederako zerbitzu-proiektuak egiten ditugu. Besteei mesede eginez ikasten dugu”. Adinekoek, honela laburbildu zuten jasotakoaren esker ona: “Txalo handi bat eskatu nahi dugu gazte hauentzat, oso jatorrak direlako eta festa zoragarri hau antolatu digutelako”.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*