LURTARREN PASIOA

LURTARREN PASIOA



Hiltzailearen zapata-hotsak entzutearekin, batzuk gogor heltzen dugu burukia besoen artean, beste batzuek, aldiz, begiak estaltzeko aurpegira gerturatutako eskuek utzitako zulotxoen artetik begira jarraitzen dute beldurrezko filma ikusten. Hiltzailea eta hildakoa pantailatik aterako ez direla baldin badakigu ere, ezinbesteko zaigu arnasa estutu eta beldurra sentitzea, hilzorian daudenak gu izango bagina bezala, edota hiltzaileari bizkar-ondoko bat ematerik izango bagenu moduan. Pelikulak, ipuinak, nahiz istorioak entzuterakoan negar eta barre egiten dugu batzuetan, hegan besteetan eta maitemindu asko eta askotan. Badakigu negar eta barre egitearen arrazoia fikziozkoa dela, hegan-hegan ez dugula egiten, edota maitasuna pelikularekin batera amaitzen dela, baina guk sentitzen duguna ez da fikziozkoa. Hasiera eta amaiera bat ditu, baina sentitzen duguna bada.

Fikzioa lagun, hamaika emozio diferente sentitzen ditugu, barru-barruan sentitu ere. Sentitzen duguna benetakoa da, eta gure-gurea, baina badakigu, denbora batez pasioak jota egonik ere, hasiera bat eta bukaera bat edukiko dituela pasio horrek. Fikzioan sortzen eta gertatzen dena, fikziozko munduan gelditzen baita. Pena ematen du batzuetan, baina lasaitu ederra hartzen dugu besteetan, protagonistak jasaten dituen ondorio lazgarriak guk sufritu behar ez ditugunean kasu.

Ia garai eta toki guztietan dago presente fikzioa. Funtsean, irudimenari bide emanez sormena partekatzea da fikzioa, sortzailea eta hartzailea mundu bereko kide eginez emozioak partekatzea. Irudimenak aise egiten du hegan giza gogamena eta emozioak lagun baditu. Dudarik gabe, zapore erakargarriko gozokia da edonorentzat.

Umetakoa da fikzioaren lehenengo erresuma. Umeek hemen eta han jolasten dute, orain, lehen eta gero, eta dena egiten dute aldi eta leku berean. Sortzea ez da sobera lan beraientzat. Parkeko sareetara igota “ni pirata begi-bakarra eta zu kapitain hanka-okerra izango gara orain” esanez, Kantauri Itsasoko olatuekin egiten dute jolas, asteazken arratsaldeko bostak direla dioen ordulariak, orratzak duela 400 urteko egunsenti itxaropentsu batera zuzenduta dituen bitartean. Fikziozko erresuman ez dute denborak eta lekuak agintzen.

Fikzioa eta errealitatea bereizi egin behar dira. Fikziozko munduan sortutakoak, gure munduan jarraipenik ez duela ikusten ez duenak arazo bat izan lezake, baina hori eginez gero gauza benetan ederra da fikzioa.

Errealitatetik bereizten ez duenarentzat, egiaren konfusioa edota gaizkiaren maldizioa izan liteke, baina gainontzean ametsen bizioa, nahien ofizioa, bulkaden akzioa eta hesien salbazioa baino ez da fikzioa, funtsean, lurtarren pasioa.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*