POLTSIKO MAGIKOA

POLTSIKO MAGIKOA



Poltsiko magiko bat eduki nahi dut. Tarteka errealitatetik ihes egin eta mundu magikora bidaiatzeko poltsiko magikoa. Arazoak eta kezkak alde batera utzi eta ilusioa eta poza ekarriko dizkidan poltsiko magikoa. Lagunekin eta familiarekin izan ditzakedan arazoak konponduko dituen poltsiko magikoa.

Haurrentzako sortutako marrazki bizidun arrakastatsu batzuetan agertzen da horrelako poltsikoa duen katu bat. Mutil bati laguntzen ibili ohi da beti, eta honek izan ditzaken arazoak bere poltsikotik ateratzen diren tresna magikoekin konpontzen ditu. Hala ere, guztia, hau da, katu berezia, mutikoak bere imajinazioarekin sortutako ametsa dela diote batzuk. Izan ere, haurren imajinazioa eta amets egiteko ahalmena, izugarrizkoa da. Ez dakit urteen poderioz zergatik galtzen dugun ahalmen hori, betirako izan beharko genuke gurekin. Arazoak, beldurrak, ezinegona ditugunean ihes egiteko tresna bat izango litzateke imajinazioa. Sinisdunek erlijioa erabiltzen duten bezala, imajinazioa, fantasia, erabil genezake helduok ere. Koloretako lainoen inguruan hegan egin, hondartza paradisiakoetan igeri egin eta lehoi, elefante edo jirafekin jolasean ibili ondoren, beste umore batekin egingo genioke aurre gure egunerokoari. Bizitzak koloretako lainoak eta laino beltzak jartzen dizkigu bidean. Haurrek ere, hala egin ohi dute. Min hartu ondoren, tirita bat jarri eta bat-batean tirita berezia dela ohartzen dira. Ezkutuko indar bat ematen diena eta bat-batean eskuko hatz lodian jarri duten tiritari esker, salto handiagoak egiten dituzte. Guk ordea, min hartu eta ondorioz egin ezin ditugun gauzak bakarrik ditugu gogoan. Hankan min hartu eta hilabete batean mendira joan ezin dugulako haserretzen gara. Nahiz eta mendira joatea ez gustatu eta urteak eraman mendira joan gabe.

Gauza txarrak gertatzen zaizkigunean horiek handitzeko joera izaten dugu batzuetan. Horregatik, poltsiko magiko bat eduki nahi dut. Tarteka errealitatetik ihes egin eta mundu magikora bidaiatzeko poltsiko magikoa.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*