ERABAKI EZINIK

ERABAKI EZINIK



Irudika ezazue goseak amorratzen dagoen asto batek, bere bidean aurrera doala, bi lasto fardo ikusten dituela aurrez aurre. A zer zortea! Gure astotxoa lerdea dariola dago; tripa asetzeko, burua ezkerrera edo eskuinera biratu baino ez du egin behar. Ezkerrekoa handiagoa balitz huraxe aukeratuko luke, baina bietan lasto kantitate berbera dago. Eskuinekoak itxura hobea balu huraxe aukeratuko luke, baina biek itxura berbera dutela iruditzen zaio. Lasto fardo bat gertuxeago egongo balitz huraxe aukeratuko luke, baina biak distantzia berberera daude. Bueno, bueno… halako batean, astoak aurkituko luke arrazoiren bat alde batera edo bestera mugitu eta jaten hasteko, ezta?

Bizitzak behin eta berriz jartzen dizkigu aukera desberdinak gure aurrean, eta erabaki beharrean sentitzen gara etengabe. Zenbait erabaki erraz hartzen ditugu; ia oharkabean. Beste batzuetan ordea, alderdi guztiak kontutan hartu eta balantza mila modutan erabilita ere, ez gara erabaki bat hartzeko moduan sentitzen.

Zalantzarik gabe, erabaki zailak hartu behar izaten ditugu tarteka, eta beti ez da garbi ikusten zein aukera den onena, edo zerbait aukeratzeak zein ondorio ekar dezakeen. Baina beste batzuetan, itxura batean inolako zailtasunik ez duen egoera batek erabat blokea gaitzake, eta erabaki sinpleena izugarri konplikatzen dugu.

Eta horixe gertatu zitzaion Buridan-en astoa gisa ezagutzen denari. Itxura batean, bere erabakiak oso sinplea dirudi: bi aukerak berdin-berdinak direnez, edozein aukeratu eta listo! Ze axola dio? Baina hain juxtu ere, berdin-berdinak zirelako geratu omen zen erabaki ezinik: gure asto gaixoa goseak hil zen, bi lasto fardoei begira.

Ai! Bai desberdina izango litzatekeela gure istorioa astoak dron dron melandron jolasa erabili izan balu! Arrazoiak funtzionatzen ez duenean, erabakiak zoriaren esku uztea onena! Gustura esango nioke: zirt edo zart, ezkerrekoa ala eskuinekoa aukeratzea da gutxienekoa!

Inoiz geratu al zarete etxean, bi plan zoragarriren artean bat aukeratu ezinik? Zenbatetan geratu ote naiz ni astoaren modura, ez aurrera eta ez atzera, zerbaiti heldu gabe, beste zerbait galtzeko beldurrez… Txorakeria dirudi, baina erabaki ezinak sortzen digun ezinegonak uste baino kalte handiagoa eragin dezake. Beldurrak geldi-geldi mantentzera gonbidatzen gaitu, badaezpada, ezer gal ez dezagun; baina erabaki bat hartu behar dugunean gal dezakeguna baino ez badugu ikusten, inoiz ez dugu aukeratzen dugun horrekin gozatuko.

Behin edo behin astoaren pare ikusten banauzue, mesedez, emadazue ipurdiko eder bat, goseak hil ez nadin!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*