NI

NI



Maiz pentsatzen dugu nola ikusiko ote gaituzten besteek kanpotik, badakigu ikusi gaituela dakigun horrek iritziren bat edukiko duela guri buruz, ezinbesteko izango zaiola zerbait pentsatzea. Guri ere ez zaigu xamurra inoren albotik pasa eta ezer ez pentsatzea, baina, tira, besteei buruz pentsatzeak ez deus txarrik, ezta guk besteei buruz pentsatzeak ere.

Baina orain, itxi ditzagun begiak une batez. Har dezagun arnasa sakon eta are sakonago bota, hartu eta bota. Zerbait sentitzen dugu, ez ala? Zerbait gara, zerbait bagara. Noski, gu gara. Betiko gu. Zer garen ez dakigu oso seguru, baina badakigu zerbait bagarela. Beti, momenturo eta ezinbestean garen hori.

Batzuetan, ordea, modu batekoak gara eta besteetan bestekoak, egun batzuetan alaiagoak gara, besteetan beldur gara eta noizbehinka gosea bera gara. Baina beti gara gu. Gure burua une oro sentitzen dugu, kontzienteki batzuetan, inkontzienteki gehienetan, modu batera, edo bestera, baina une oro. Are gehiago, triste gauden egunetan ez dakigu nola izan ohi dugun mundua jateko gogoa besteetan, edota dena gure alde dagoela sentitzen dugunean eta edozer lortzeko indarrez beterik gaudela pentsatzen dugunean, ezinezko zaigu besteetan hain pesimistak izan gaitezkeela ulertzea. Zaila zaigu modu desberdinetan garela ulertzea, eta hori, fase ezberdin guzti horietan gu geu, pertsona bera eta bakarra, izate bera garela jakinik. Baina beno, badakigu gu garela, eta ez dugu ezetzik esango.

Halere gainontzekoek nola sentituko ote dute beraiek izatea bera? Nola arnasa hartzea? Nola nekatuta ohean etzatea? Ez al litzateke harrigarria guk ere gainontzekoek euren burua nola sentitzen duten sentitzeko gaitasuna izatea? Gainontzekoek poza sentitzen dutenean, poz hura sentitzea bera, bestearen urduritasunek zer nolako tripako minak eragiten dituzten jakitea edota hondartzan eserita ikusitako ilunabarraren koloreak beste azal batean sentitzea izugarria litzateke. Besteen nahiak bizitzea txundigarria.

Baina zertan tematu, oraingoz, nik behintzat, ez dut lortu halakorik. Eta ni naizen hori hitzen, keinuen, musikaren edo koloreen bidez adieraztea besterik ez zait gelditzen. Adieraztea, besterik ez. Eta, beraz, besteen adierazteko modua da nik beraiek ulertzeko daukadan bide bakarra ere.

Baina nola adierazi, adierazi ezin den hori? Eta guk adierazten asmatu ezean, nola jakingo dute besteek nolakoak garen gu? Nola guk beraiek nolakoak diren?

Baliteke gure artean hainbeste desadostasun egotearen arrazoietako bat horixe izatea. Askotan, guztiak abiapuntu beretik ekiten dugula pentsatzen dugu, berdin hautematen dugula denok, eta seguruenik zerua ere ez dugu kolore berekoa ikusiko. Abiapuntuak hain ezberdinak izanik, harrigarriena beti liskarren aritzea ez, harrigarriena elkarrekin ados egotea da, elkar ulertzea.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*