HIRU URTE ONDOREN

HIRU URTE ONDOREN



Garai honetan, duela hiru urte (azkar pasatzen da denbora), Urtxintxaren antolaketa ereduari norabide desberdin bat emango geniola erabaki genuen. Lan egiten genuen pertsonen gehiengo nagusi batek hautu hori egin genuen, nahiz eta zehatz-mehatz zaila zitzaigun guztioi une hartan ibilbidearen ezaugarriak zeintzuk ziren aurreikustea.


Eta harro nago hartu genuen erabakiarekin. Oso harro, eta pozik, erabaki hori hartu genuelako. Bakoitzari berea. Zentzu horretan, aitortu beharra dut, hilabete askotan zehar, egitura aldaketa sakon hau ematearen sustatzaile izan nintzen aldetik, ibilbidean zama eta ilusioz jantzitako ardura zehatzak zein ez hautemangarriak bidelagun izan ditudala. Eta iritsi zen eguna non mundu ezezagunak sortzen zizkidan kezka motak desagertzen joan ziren, aldi berean, kezka berriak sorraraziz. Jokaleku berriari dagozkion kezka berriak.

Badira hiru urte, beraz, ner estiloa deritzon antolakuntza ereduan funtzionatzen dugula. Erabakiaren hastapenetan ideiak, balioak eta filosofia baino ikusten ez bagenituen ere, ibilbideak praktika bat ezagutzea ahalbidetu digu, alegia, ideia horiek gauzatzeko modua. Aipaturiko ideiak sakontasun handiko kontzeptuak dira: pertsonaren balioa, etika, gardentasuna, konfiantza, autokudeatutako lan taldeak, askatasuna, ardura, elkarrekin hartutako erabakiak, etorkizuneko ikuspegia, elkartasuna, gizartearekiko ardura… Ideia bakoitzak gauzatzeko modu bat dauka, aplikatzeko modu bat, eta era berean, egia da ideia eta kontzeptu bakoitza bere sakontasuneraino ulertuta aplikatzen dugula. Saiatu eta gehienetan lortu. Zailtasunak zailtasun, hor jarrita dugu norabidea. Ez dago tokirik epelkerietarako. Ez dute tokirik. Alegia, gurean ez dute balio “askatasuna ematen diet baino honaino”, “ia gehiena kontatzen diet, dena ez, ez baita komeni eta gainera, ez dute ulertuko”, “bilerak egiten uzten diet baina eginbeharrak ezin dituzte beraiek erabaki”, “arazo honi ez diot helduko ez baitakit nola hartuko duten”…moduko baieztapenak.

Eta ez hori bakarrik, aplikatzen diren balioak denak dira, beren osotasunean. Ez dago tokirik gustuko ditugun balioak bakarrik neurri batean onartu eta aplikatzeko; eta aldiz, erosotasunetik aterako gaituzten edota bizipenetan zailtasunak sorraraziko dizkigutenak albo batera uzteko. Ner-en, dena edo ezer ere ez. Estilo bat, bere osotasunean, ihesbide estrategikoak onartzen ez dituena. Eta guztiaren gainetik, koherentzia azpimarratuko nuke. Estiloak jokaleku bat adierazten du, modu bat. Koherentzia. Kosta ahala kosta. Koherentzia.

Egia da, (eta hau ner taldeko beste koordinatzaileekin denbora partekatzen dudanean behin baino gehiagotan ateratzen da) egungo pertsonok zailtasunak ditugula ardura partekatuarekin eta norbanakoaren ardurarekin modu koherentean funtzionatzeko. Egitura (sasi)bertikaletatik, hierarkikoetatik (non gutxi batzuk agindu egiten duten eta gehiengo batek aginduak betetzen dituen), erabakiak partekatzera pasatzen gara. Jauzi handia, non nortasun indibidualak eta nortasun kolektiboak dantzan jartzen ditugun. Eta batzuetan nahastu egiten ditugu ―edo ahaztu egiten zaigu― parte-hartzean oinarritutako egiturak eta ardura desberdinduak ez izatea. Taldeko egituretan urtzen ez diren ardurak. Horregatik, noizean behin eta kasuan kasu, adostutako funtzionamendua eta ardurak zeintzuk diren gogoraraztea ezinbestekoa egiten da, nagusiki gogorarazteko ardura (letra larriz) ez dela delegatzen.

Egia da noizean behin zailtasunak eduki ditugula. Eta ziur nago zailtasunak edukiko ditugula. Egia da pertsona bakoitzak gure mugekin ―ezagunak edo ezezagunak― topo egin dugula. Eta berriekin topo egiten jarraituko dugula jakin badakit. Egia da pertsona guztiak ez garela aritu antolakuntza ereduari indar berarekin tira egiten. Ezin da kontrakoa espero. Baina jakin badakit egun duela hiru urte baino gehiago bagarela. Eta baiezta dezaket, indar metaketa hori handiagoa izango dela hiru urte barru.

Koherentziaren eta arduraren betaurrekoek etorkizun oparoagoa, osasuntsuagoa eta partekatuagoa begitantzen lagunduko digute. Ner estiloaren ezaugarriak bere osotasunean betetzeak guztioi lagunduko baitigu, guri (pertsona bezala
ere hazten) eta partaide garen gizarteari ere bai.

P.D.: Aste honetan burutu dugun prentsa agerraldi batean ezagutzera eman ditugu ner group-i dagozkion datu andana, eta horiek guztien eskura jarri ditugu,
Urtxintxaren web orrian duzue hurrengo aurkezpena: Aurkezpena

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*