KUKUTIK KUKURA

KUKUTIK KUKURA



Ku-ku, ku-ku, ku-ku… entzun al duzue aurten kukua? Ama Birjina Martxoko egunerako, martxoaren 25erako, hemen izan behar luke. Garai batean hala uste zuten. Antzinako euskaldunen egutegiak bi urtaro zituen, uda eta negua, eta Ama Birjina Martxoko eguna izaten zen udako lehen eguna. Kukuaren etorrerak lur-soroak neguko lozorrotik esnatu zirela adierazten zuen, negua joan eta uda etorri zela. Aurten dugun eguraldia ikusita ez dakit lurra esnatu den edo goxo-goxo lo jarraitzen duen.

Ku-ku, ku-ku, ku-ku… kuku-erlojuak esnatzeko deia egiten du. Ahots asko dira azken garaian esnatzeko eskatzen digutenak. Stèphane Hessel-ek “Haserretu zaitezte!” esan zuenetik lo zorrotik esnatzeko deiak ugaritzen ari dira. Halakoetan kukutzeko tentazioa ere handia izaten da. Zailtasunak ikusita, ezkutatzeko jarrera ulergarria bada ere, nekezago uler daiteke axolagabetasuna. Hesselen hitzak garbiak dira “jarrerarik okerrena axolagabetasuna da, ezin dut ezer egin, hor konpon esatea. Hala jokatzean, gizakiaren funtsezko osagaietako bat galtzen duzue: haserretzeko ahalmena eta horren ondorioa den konpromisoa”.

Ku-ku, ku-ku, ku-ku… axolagabekeriagatik edo alferkeriagatik, ardurak besteen eskuetan uzten abila da kukua. Habiarik ere ez du egiten. Txantxangorri edo txepetxen habietan arrautza bana errun eta kukumeak hazteko ardura beste txorien esku uzten du. Kukuaren ardura bakarra eguzkitan jarri eta kuku eta kuku egitea da inguruan gertatzen denari kasurik egin gabe.

Ku-ku, ku-ku, ku-ku…baina kuku hori entzuteak zortea ere adierazten du. Udaberriko lehen kukuak entzuterakoan poltsikoan txanponak badituzu, kukuak ondo jo dizula esan nahi du eta urte osoan, diru arazorik ez duzu izango. Ederra litzateke garai zailak pasatzen ari diren ingurukoen kezkak, Xoldokogainara, Erlaitzera, Bianditzera, Uliara edo Allerrura, patrikak txanponez beteta joate hutsarekin desagertzea. Baina kukuaren zoria eta ziria batera datoz askotan. Kukua entzuteko asmoz zoazenean, orduan mututuko zaizu, eta txanponik gabe zoazenean berriz nekaezin kuku eta kuku arituko zaizu.

Ku-ku, ku-ku, ku-ku… duela hilabete Jaizkibel aldean entzun nuen aurtengo lehen kukua. Eskua poltsikoan jarri nuen eta txanponak banituela nabaritzeak lasaitu egin ninduen. Zuhaitzen hostoak agertzen hasiak izanak ere, lurra esnatzen ari zela adierazi zidan eta abesteko gogoa nabaritu nuen. Baina egutegiari erreparatu nionean kezka sortu zitzaidan: maiatzaren 1a zen eta ni eguzki gozotan abesten! Kukutzen hasi ote naiz?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*