SUGANDILA BEZALA

SUGANDILA BEZALA



Orain egun batzuk, eguzkiaren goxotasunaz gozatzeko aukera izan nuen. Petrilean eserita nengoela, sugandila bat nire inguruan zebilela ohartu nintzen. Hari begira, denbora gelditu egin zen. Sugandila gero eta gertuago, eta ni gero eta gusturago. Konturatzerako, nire oinean zegoen, eta ni geldi-geldi, ez bainuen nahi hura joaterik.

Bizi-bizi, nire gorputzean gora egiten zuen pixka bat, eta ondoren geldi mantentzen zen. Nahikoa lan nuen nire emozioei eusten; haur txiki bat bezala sentitzen nintzen, pozez gainezka! Eta nire artean pentsatzen nuen: Jakingo balu nire gainean dagoela, airean aterako litzateke, baina berari begira-begira nagoen arren, ez nau ikusi ere egiten!

Eta hain zuzen ere, mugimendurik txikiena egin bezain pronto tximista bezala alde egin zuen. Hortxe bertan geratu nintzen itzuliko zen itxaropenarekin.

Eta pentsatzen hasi nintzen: zenbatetan gertatuko ote zaigu guri ere gauza bera? Ikusten ez ditugun zenbat gauza izaten ote ditugu muturraren aurrean… Pentsamendu horiek ezer izango ez banintz bezala sentiarazi ninduten, baina emozioz beterik era berean; mundua, hauteman dezakeguna baino askoz ere gehiago dela pentsatzeak ikaragarri hunkitzen nau!

Eta beste behin ere, Khalil Gibran-en ipuintxo bat ekarriko dut gogora:


Egun batean, Begiak zera esan omen zuen:

-Bailara hauetatik haratago, mendi bat ikusten dut, laino-estalki urdin batek biltzen duelarik. Ez al da ederra?

Belarria entzuten hasi zen, eta puska batean adi-adi egon ondoren, zera esan zuen:

-Baina, non dago mendi hori? Ez dut entzuten…

Gero Eskuak hitz egin zuen:

-Alperrik saiatzen naiz ukitzen edo sentitzen; ez dut mendirik aurkitzen.

Eta sudurrak esan zuen:

-Ez dago mendirik! Ez dut usainik hartzen!

Begia beste aldera biratu zen, eta gainerako zentzumenak marmarrean hasi ziren haluzinazio bereziaren inguruan:

-Zerbait ez dabil ondo Begian!

Ez al gara pertsonak Belarria, Eskua edo Sudurraren modukoak? Gauza batzuk ikusten ditugu, baina beste asko ez. Beraz, ez dezagun ahaztu gure mugak ditugula, eta zenbait gauza muturraren aurrean izan arren ez ditugula sekula ere ikusiko. Horrelakoak gara, eta zentzu batean, zoragarria da!

Nork daki? Litekeena da sugandila bezala ibiltzea eta une honetan baten bat zuri so egotea… edo are gehiago, beharbada beraren baitan zaude, eta ez zara konturatzen!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*