NON NAGO NI, NON ZAUDE ZU?

NON NAGO NI, NON ZAUDE ZU?



Pertsonaz inguratua bizi bagara ere, zenbaitetan bakarrik sentitzen gara edo ondoan duguna oso urruti dagoen sentsazioa izaten dugu. Eskua luzatu eta ukitzeko gai bagara ere beste errealitate batean bizi dela sentitzen dugu, esaten duenagatik, egiten duenagatik, gustuko dituen gauzengatik, edo bestela esanda, esaten ez duen horregatik, egiten ez duen horregatik , gustuko ez dituen gauzengatik… Gertu, baina urruti era berean. Zenbaitetan esfortzua egiten dugu bestearen errealitatea ulertzeko, bere bizipenek gorputzean eta bihotzean utzitako arrastoen azalpenak ulertzeko eta gure arteko distantziak samurtzen ditugu. Besteetan, saiakerarik ere ez dugu egiten, gure errealitate horretan eroso gaudelako, guk hori egiten badugu bestearengan hori espero dugulako eta ez bada gertatzen dezepzioari aurre egin behar diogulako… Gure eguneroko bizitzan murgilduta kosta egiten zaigu burua altxa eta pauso bat harantzago ikustea, gure barnealdera begira bizi gara, begiak tripetan galduta ditugula dirudi.

Gertu eta era berean hain urruti dauden errealitate horien isla dugu HIK HASIko jardunaldietan Koldo Telleriak azaldu zigun egoera bat. Telleria eta bere kideak uholde batzuk utzitako sarraskia dela eta herrixka batetara iritsi ziren. Txikituta zegoen herriaren egituraketa lanak egin behar zituztenez, bertako herritarrekin elkartzea erabaki zuten, haiek euren herriaz zuten ikuspegia jasotzeko eta herria uholdearen aurretik nolakoa zen ezagutzeko. Gizonezkoak soilik azaldu ziren zita horretara. Hori ikusita, emakumeen parte hartzea sustatzeko haientzat beste gune bat antolatu zuten. Bi taldeei euren herria margotzeko eskatu zieten eta hauxe izan zen gertatu zena:


Gizonezkoek denbora gehiago behar izan zuten, eztabaida gehiago izan zituzten eta marrazki bat baino gehiago egin zituzten behin betikoa adostu arte. Azken marrazki honetan itxura luzea eta estua zuen herri bat ageri zen.

Emakumezkoak aldiz, modu lasaiago batean aritu ziren berriketan eta lehenago jarri ziren euren artean ados. Marrazkian askoz laukiago zen herria ageri zen eta gizonezkoek marraztu ez zituzten espazio gehiagorekin.


Bi marrazkiak ikusita herri desberdinak zirela esango genuke. Denak toki berdinean bizi dira, baina ez dute toki bera ikusten, sentitzen. Esan genezake ez direla toki berean bizi, asko beraien eguneroko bizitzan elkar ukitzeko gai badira ere.

Zer gertatuko litzateke errealitate bakarra aintzat hartuta egin izan balituzte berritze lanak?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*