HAURRA IZANGO BANINTZ

HAURRA IZANGO BANINTZ


Badirudi uda honetan ez garela gauetan beroz itota esnatuko. Herri eta txoko desberdinetan udalekuak hasi diren aste honetan ez diogu oraindik udarari usainik ere hartu. Dagoeneko eguraldiaren inguruan ateratzen diren txisteek ere ez digute graziarik egiten, eta udaran, Euskal Herritik beroaren bila nora eta nola (ez dira garai errazak) alde egin begira gaude asko eta asko.

Eta guri eguraldiak umorea aldatzen badigu haurrei zer esanik ez. Negu guztian euria dela eta parkea ezin zapaldu ibili ostean, udalekuak iritsi eta eguraldia lagun izan beharrean etsai dutela esatera ere ausartuko nintzateke. Goizean euria edo lainoak ikusi eta atsekabetu egiten dira, gaur ere parkera edo igerilekura joateko aukera ez dutela izango konturatu eta umorea guztiz aldatzen zaie. Azken finean, guk ere ez dugu ulertzen non sartu den eguraldi ona, nola ulertuko dute haurrek! Beraiek guk baino errazago adierazten dituzte sentimenduak, gu askotan, ez dakit zergatik gordetzen saiatzen garen horiek, lasai eta gardentasunez erakusten dituzte haurrak. Bizitzari, modu natural eta errazagoan egiten diote aurre, nahiz eta inguruan dituzten helduak askotan nahi gabe pixka bat konplikatu.

Ni gaur adibidez, ezkerreko hankarekin esnatu naiz. Gauean ez dut batere ondo lo egin, nekatuta nabil eta gainera jaiki eta euria! Hala ere, goizean dutxa bat hartu, gosaldu eta lanera joan naiz. Autora nindoala, kalean ezagunen bat topatu eta irribarrea aurpegian marraztu ondoren agurtu egin dut. Batzuetan asko kostatzen da irribarrea hori marraztea baina horrela egin behar dela erakutsi didatenez zintzo zintzo bete dut eginbeharra. Ondoren nire semean pentsatu dut. Bera ere inoiz esnatzen da ezkerreko hankarekin eta jendea agurtu gabe uzten du. Izan ere, bere haserrea nabarmen erakusten du eta ez da ibiltzen itxurakerietan. Orduan jendeak, normaltzat jotzen du, umorez ez badago ulertzekoa da! Eta nik berdina egingo banu? Zein litzateke jendearen jarrera?

Askotan esan dut eta esaten jarraitzen dut, haurrengandik asko dugula ikasteko. Beraiek bizitza ikusteko duten ikuspegitik zerbait hartuko bagenu, naturaltasun hori izango bagenu… Dagoeneko ezinezkoa da, naturaltasuna ezin da ikasi eta helduok aspaldi galdu genuen. Horregatik, ni behintzat, inguruan ditudan haurrengan ahalik eta gutxien eragiten saiatzen naiz, ez dezaten naturaltasun hori galdu diren bezalakoak izan daitezen. Beraien sentimenduak askatasunez adierazten jarrai dezaten, eta horrela, aurpegian irribarrea ikusiz gero, benetakoa dela dakit, ez denborarekin marrazten ikasten den horietakoa.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*