HOZTU OHEA

HOZTU OHEA



“Abenduko eguna, argitu orduko iluna”, San Juanetako eguzkiari, ordea, gehixeago kostatzen zaio nonbait deskantsua hartzea. Hala ere ezin esan daiteke San Juan gauean lo gutxi egitearen arrazoia urteko gaurik motzena izatea denik. Baina, tira, urteko gainontzeko egunetan ere, ez da gaua logura ematen diguna, lo egin behar dugula esaten diguna. Aharrausiak ere, ilargia eta izarrak baino loguraren mezulari leialagoak baitira“aharrausi usua, gose edo lo mezua.”

“Bekainei ezin eutsirik egotea”ri, “logaleak gorrituta egotea” edota “loak erreta egotea” ere esaten omen zaio. Bekainek halako pisua dutenean beren kabuz eutsi ezin direla ikustea, loaren aurka egindako borrokak leher eginda utzi gaituela esan nahiko balu bezala, loak gure arma denei su eman izan balie bezala.

Nork hartzen du nor ordea? Hau da, guk hartzen dugu loa edo loak hartzen gaitu gu? Izan ere ohean sartu eta loa hartzen nire indar guztiekin saiatuta ere, nekez hartuko dut lorik, loak ni hartu artean. Ni hura harrapatzen gogo biziz saiatuta ere, ez dut hura ukitzerik izango, lehenago hark ni harrapatzen ez banau behintzat. Nik ez dut lorik hartzen, beraz, loak hartzen nau ni.

Behin loak hartuta, ez dago “zabal-zabal lo egitea” edo “zabal-zabar lo egitea” bezalakorik. Loak helduta gauzkan momentu horretan, loa bera gara, loak gidatzen gaitu eta haren esaneko bihurtzen. Ezagutzen dut gauetan egiten duen ametsekin akordatzen ez dela esaten duenik,“lo eta hil, biak berdin” direla pentsatzen duenik. Ametsak egin edo ez egin, akordatu edo ez akordatu, pentsa liteke gure pentsamenduak loaren moldeetara egokitu behar izaten duela, pentsatzea edo ez pentsatzea beraren esku dagoela, baita nola pentsatu ere. Baina aldi berean, loak gure pentsamenduari mugak ezabatzen dizkiola pentsatzea ere ez litzateke okerreko, loak pentsatu nahi ez duguna pentsatzen uzten baitigu askotan.“Ametsa gogoaren igandea”, “ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua”.

Ezin ukatu “lo ederra, osasun ederra”ren seinale denik, baina “lo asko, bizi gutxi” atsotitzak ere ez du arrazoirik falta. Garai batean “agorrilean loa labur ala urte xuhur” esaten zenean, urte guztirako jaki gehiena lantzeko momentua zelako esango zen ziurrenik, udaran lanik egin ezean, nekez jango baitzen gero neguan. Gaur egun, aldiz, beste zentzu bat ere eman geniezaioke atsotitzari, izan ere urte guztian udako oporren esperoan egon ostean,uda lotan pasatzeak ez baitu barkamenik. Udaran hartutako indarrek urte guztirako balio izaten digute gero. Hala, beraz, “hoztu ohea” (altxa ohetik) eta dastatu uda, lo egoten denak mehe jaten baitu.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*