EGIA, EZ-EGIA, EZ-GEZURRA, GEZURRA…

EGIA, EZ-EGIA, EZ-GEZURRA, GEZURRA…



Gustatzen ez zaigun opariren bat jaso ondoren eskerrak ematea, ez al da egia ezkutatzeko modu bat? Txikitatik ikasten dugu egia guztia ez esaten, baina, noski, egia guztia ez kontatzeak, ez omen du zertan gezurra izan, egia ez dena ez baita beti gezurra, eta, beraz, egia guztia kontatzen ez dugunean gezurrik esaten ari ez garela pentsatu eta lasai gelditzen gara.

Egia ez kontatzea ez bada gezurra esatea, gezurra egiaren ausentzia baino zerbait gehiago dela onartzen ari gara. Badirudi egia eta gezurra ez direla elkarren antonimo fidelak. Baina zer litzateke “zerbait gehiago” hori? Intentzioa akaso? Egia ez den hori sinestarazi nahi izatea? Halakoa balitz gezurraren definizioa, Eguzkiak Munduaren inguruan bira egiten zuela zioten haiek, ez zutela gezurrik esaten esan beharko genuke, ez baitzen beraien intentzioa inori kontrakoa ezkutatzerik. Ez ziren gezurretan ari, baina gezurra esaten zuten. Nola liteke hori ordea? Gezurra esaten zuten, gezurra esaten ari zirela jakin gabe edo esaten zuten hori ez zen gezurra, ez-egia baizik?

Ez naiz ni terminoaren erabileraren muturreko kasuak konpontzen tematuko, nahikoa buru-hauste ematen baitit eguneroko erabilera arruntak. Halere nik gezurra esatea, egia besteren bati propio ezkutatzea dela pentsatzen dut, besteren bat, egia dela pentsatzen duzun horren kontrakoaz, sinestarazten saiatzea. Eta gezurrak besteren bati sinestaraztea behar duela izan nahitaez, izan ere, hutsala baita nork bere buruari egia dela pentsatzen duen hori, egia ez dela sinestarazten tematzea. Kontuak kontu, marka da gero gezurra esateko egia jakin beharra…

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*