BAI, ELEBAKARRA DA

BAI, ELEBAKARRA DA



Udan, asko eta asko, Euskal Herriko mugak gainditu eta kanpora joaten gara oporretara. Euskal Herriko mugak gainditzeaz gain, euskararen mugak ere gainditu behar izaten ditugu, euskaraz bizitzera ohiturik gaudenok, denboraldi horretan hizkuntza aldaketa bat izango dugula badakigularik. Helduon kasuan, oso gauza normala da, baina haurrak? Batzuk oporraldi hauetan ohartzen dira beraien hizkuntzaz gain badirela beste batzuk, edota euskara ez den beste hizkuntza batean bizi den jendea dagoela beste herrialde batzuetan.

Hori da lau urteko nire semeak aurten ikasi duen gauzetako bat. Kanpora joan gara oporretara eta joan aurretik, sorpresak gehiegi gustatzen ez zaizkionez, jakinaren gainean jarri nion, han jendeak ez ziola ulertuko, gazteleraz egiten zutela eta ez zekitela euskaraz egiten. Eta noski, hori esateak betiko galdera ekarri zuen, eta zergatik? Askotan esan diot, ez dudala gauza guztientzat erantzuna, baina berak erantzunak bilatzen ditu eta azalpen bat ematen saiatu nintzen.

Honela, kanpoan izan garen artean, hizkuntzaren mugak nire semea gehiegi eragotzi ez duen arren, berari zuzentzen zitzaizkion helduek bestelako jarrera izan dute. Aurreiritziek eraginda edo ezjakintasunaren ondorioz, haurrak hizkuntza bakartzat euskara izateak guraso arduragabe batzuk garela ondorioztatzea ekarri die askori. Momenturo azalpenak ematen ikusi dut nire burua, “ez dizu ulertzen”, “euskaraz bakarrik daki” eta antzekoak egunero erabili behar izan ditut.

Pertsona bat, gure aurrean eskuak burura eraman eta “no le hagais eso, enseñarle castellano” esatera ausartu zen. Esan nion, kalean irakasle asko aurkituko dituela eta ikastolan ere aurrerago ikasten dutela, ez dela ikasi gabe geratuko baina ez nuen konbentzitu. Ez nintzen bere seme alabek zenbat hizkuntza hitz egiten dituzten galdetzera ausartu. Bakarra hitz egingo dute ziurrenik, nireak bezala, baina ez zaio hain larria irudituko, euskara beste maila batean dagoela iruditzen baitzaio, bajuago batean noski!

Nik ez dut semeak euskara bakarrik jakitea nahi. Noski ezetz, hizkuntza guztiak iruditzen zaizkit aberasgarri, jakiteak ez du ezer txarrik ekartzen, eta Euskal Herrian alde horretatik, aberastasun handia dugu, biztanlegoaren zati handi bat elebiduna da, eleanitzak ere geroz eta gehiago ditugu. Hala ere, nire semeak zortea izan duela iruditzen zait, inguru euskaldun batean jaio da, euskaraz bizitzeko aukera du beste hizkuntza batzuekin elkarbizitzan bizi bada ere. Oraingoz elebakarra da, bizitzaren joan etorriekin elebidun edo eleanitz bilakatuko da, baina berak momentua iristen denean guk egin dugun aukera egin beharko du, zein hizkuntzatan bizi nahi duen aukeratuko du. Bitartean, euskaraz hitz egiten jarraituko du.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*