HAURREN DANTZA

HAURREN DANTZA



Beñat Achiaryk, lehenengo aldiz ikusi nuenean, erabat liluratu ninduen, eta oraindik ez zait zorabioa pasa. Donapaleun jaiotako musikari honen kantatzeko modua eta sortzen dituen doinuak ez dira batere ohikoak gure artean…Baina bada niri atentzioa eman didan beste zerbait: haurrekin duen harremana.

Bere musika zaila omen da; ulertzea kosta egiten den horietakoa. Eta niretzat ulertezina dena hori esatea da. Nondik dator dena ulertzeko behar hori? Musika ere ulertu egin behar al dugu?

Beñaten kontzertuetan gauza bitxi bat errepikatzen da: Helduok aurpegi interesgarria jartzen ahalegintzen garen bitartean, haurrek gorputza astintzen dute, dantzarik ikusgarrienak eginez; aspaldian ikusi ditudan dantzarik ederrenak! Eta Jazza intelektualentzat omen da… Ez dakit non dagoen erlazioa, baina argi dago Beñatek transmititzen duen hori, helduontzat hain zaila den hori, haurrek ondo baino hobeto ulertzen dutela, eta ziur nago ez dutela arrazoiaren bidez ulertzen!

Behin, kontzertu amaieran, haurrak Beñatekin hitz egitera joan ziren…Eta Beñat txoratzen… Eta nire eskemak goitik behera puskatzen… Eta haiei begira tristura moduko batek hartu ninduen, iruditzen baitzitzaidan haur horietako batzuk handitzen zirenean, ez zirela musika horrekin gozatzeko gai izango, eta beharbada musika ikasketak egingo zituztela doinu intelektualak ulertu ahal izateko, edota dantza ikasketak, modu egokian dantzatzen ikasteko; laster, harmonian adituak notak nola konbinatu behar diren esango die, eta dantza irakasleak, gorputza nola mugitu behar den.

Ikastea kanpoko informazioa buruan sartzea baino ez dela pentsatzen dugu, eta ahalegin bizi horretan, berezkoa dugun altxorra estaliz doa, altxorrik dugunik ere ahazten dugun arte… Beñat Achiaryk ordea, nola mugitu behar dugun esan gabe, ederki laguntzen digu barruan daukaguna ateratzen; garena adieraztera bultzatzen gaitu: Hauxe bai dantza autentikoa! Barru-barrutik, modu askean ateratzen dena! Inori erakusteko egiten ez dena!

Kasualitatea al da Beñatek sortzen duena haurrek hain ondo jasotzea, eta Beñat haurrekin hain gustura sentitzea?

Ez da kasualitatea, ezin du izan; jakin dudanez, Errobiko festibalaren antolatzailetako bat da bera, eta bertara kantari oso onak joateaz gain, haurrentzat ekintza desberdinak ere egiten dituzte: haurrentzako ibilbide musikatua, esaterako. A ze jakin-mina nirea! Zalantzarik gabe, datorren urtean hantxe izango naiz haurrekin edo haurrik gabe!

Pentsatzen hasita nago, ez legokeela gaizki esperimentu txiki bat eginez, hurrengo jolas bilduma Jazz bilduma bat izatea. Auskalo zer gertatuko litzatekeen!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*