BIZITZAREN ARGAZKIAK

BIZITZAREN ARGAZKIAK



Ez ditut txikitako argazki asko. Bakan batzuk, gehienak, momentu bereziekin lotuak. Ezta argazki andana ere, momentu jakin batzuetako gutxi batzuk baizik. Jakin badakigu, duela gutxi arte argazkiak, arrazoi desberdinak medio, noizean behin ateratzen genituela (zizkigutela). Argazki horiek, amaren etxetik hartuta, esku artean eduki ditut egun hauetan. Eskanerretik pasa, eta altxor preziatu gisa tratatuz “betirako” gordeak izan daitezen. Ariketa polita izan da, hunkigarria hein batean, duela hamarkada batzuetarako bidaia egitea ahalbidetu baitit. Gauza askok atentzioa deitu didate, nabarmenena, urte mordoa aurrera joan dela. Baina argazki horien edukia da atentzioa deitu didana. Alegia, argazki ia denetan agertzen gara “argazkirako jarriak”. Espresuki. Horretarako prestatuak. Ia argazki bakar batean ere ez gara agertzen ekintza naturalak egiten. “Jarri hor, zutitu, eseri, elkarri begiratu, irribarrea egin,..” agindupeko lekukoak. Haurtzaroaren lekuko badira ere, bizipenen lekukotasun partziala ukaezina da. Haurtzaroko ekintza naturaletan naturalena jolasa delako, eta hauen berri gutxi ematen dute garai hartako argazkiek, niri behintzat. Baina argazkiak begiratzeko eta eskaneatzeko ariketan, oroimen asko ez baditut ere, haurtzaroko kaleko jolas edo ekintza ugarirekin gogoratzeko aukera izan dut. Garuneko zirrikituetan lozorroan zeudela, argazki horietan jasota ez dauden irudiak arrapaladan etorri zaizkit: zortzi metro karratutan burutako futbol partida amaigabeak klasiko bat dira, mutilen kasuan behintzat. Baita modagatik edo ziklikoki praktikan jartzen genituenak: etxeko laban edo bihurkinaz “hinque”ra jolastu, kanikak, txapa lasterketak (tuneatuak ere), goiti-beheren eraikuntza, inguruko atarien tinbre-jotzea, etxez etxekako paper eta egunkarien bilketa auzoko “txatarrerian” saltzeko (non ezinbestekoa zen papera bustitzearen teknika ustez menperatzea), uda haserako txabola edo txoko pribatuaren eraikuntza, ikastetxe jakin bateko ikasleei gaztain bidezko erasoak,…


Gainera, bizipen hauek denak non auzoko haurren jatorriak, ikastetxeak, hizkuntza ezagutzak edota adin tarteak nahastuak zeuden, inolako mugarik gabe, natural,… non kalean aurkitzen zenuenarekin moldatzen zinen. Bizipen hauen argazkiak ez ditut aurkitu. Esan dizuet, garunean gordeak ditudala. Garunean, eta bizitzan zeharreko ondorengo esperientzietan ziur haietaz baliatu naizena. Normalean, oharkabean.

Egun, hamarkada horiek pasa ondoren seme-alabak ditugunok disko gogor berezia behar dugu haien bizipenak gordetzeko. Baita arestian aipatzen nituen “argazkirako jarriak” modukoetarako ere. Eta dituzten gainontzeko bizipen denak ditugu gordeak. Mundura etorri eta lehen minututik aurrerakoak. Baina bizipen zehatz batzuen argazkiak faltan hartzen ditut. Garunean lozorroan ditudan modukoak. Ez argazkiengatik, egia esan, bost axola argazkiak. Bizipenengatik ordea. Bizitzaren eskolarengatik. Nahiz bakarren batek nostalgikotzat jo nazakeen…

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*