BAI ALA EZ?

BAI ALA EZ?



Irakasle batek esan zigun behin bere eskoletan maiz erabiltzen zituela galdera erretorikoak, hizlariak entzulearen erantzunik jasotzea espero gabe egiten dituen galderak, izan ere pertsonak berezkoa omen du galderaren tonua entzun orduko, erantzuten saiatzea eta hala bere azalpenen artean egindako kuluxketatik esnatzeko balio izaten zigutela galdera haiek, esaldi-iratzargailuak bailiran.

Eta arrazoi izango zuen, gainera, azkeneko ordu laurdena beste planetaren baten satelite izaten igaroagatik ere, galderaren tonua entzun orduko, denak saiatzen baikinen, gure buruari behintzat, galdetutakoa erantzuten.

Ikasgelako iratzargailu izateaz gain, burutu beharreko erronka ere bihurtzen dira normalean musika bereziko esaldiok. Errepara zaitezte zuek ere pixka batean, ea zuen ingurukoei ere erantzun beharreko erronka bihurtzen zaizkien egindako galderak. Erantzuten, erantzuten, bost axola du zer, baina gehienak saiatuko dira erantzuten. Besterik ez zaigu iruditzen baleko irtenbide halakoetan.

Orain urte batzuk lagun batek eta biok, eskolak bukatu eta harrotu samarrik geunden batean, ikastola atarian zegoen jendeari galdera bat egiten hasi ginen: “Bai ala ez?”. Horixe besterik ez genien galdetzen. Gehienek, “zer?” galdetuz erantzuten ziguten, eta guk orduan berriz ere: “Bai ala ez?”. Eta denek, denek, erantzun egiten ziguten baietz edo ezetz. Berdin zuen galderak, instintiboki ere erantzun egiten zuten denek. Oroitzapen xelebre bat besterik ez da aipatutakoa, baina gertaera sinple hark ere, baieztatu egiten du gure irakaslearen hipotesia. Galdera bat entzun orduko erantzuten saiatzen gara.

Batzuetan ziurtasun osoz erantzuten dugu, baina beste askotan ziur gaudenaren itxurak eginaz eta ziurregi ere egon gabe. Erreparatu zaitezte, egidazue kasu, eta ikusiko duzue nola inor gutxik esango duen “ez dakit ba…”, are gutxiago haurren batek egindako galderaren baten segidan.

Nik ez dakit txikienei dena dakigula erakutsi nahi diegun ala zer, edo helduok dena jakin behar dugula pentsatzen dugun edo zer, baina ziur nago, niri behintzat, gehiagotan erantzun didatela ziurtasunez mozorrotutako uste erdi ustel horietako batekin, “ez dakit, baina kontsulta dezagun” apal batekin baino. Beti eduki behar azken hitza, beti zerbait esateko, are gehiago ikasleren baten galdera baldin bada.

Haurrek egindako galdera asko eta asko, diruditena baino konplexuagoak dira, edo galderak xamurrak izanik ere, erantzun zailekoak edo erantzunik gabeak behintzat. Zer arraio, haurrek bakarrik ez, guk ere erantzun zaileko galdera asko egiten ditugu. Ez genuke, beraz, zertan lotsatu erantzuteko gai ez garela sentitzen dugunean. Galdera guztiak erantzutea posible ez bazaigu ere, galderak planteatze hutsa dirudiena baino interesgarriagoa da askotan, horrek entzundakoan edo ikusitakoan pentsatu gabe sinesteak balio ez digula erakusten baitigu, gehiago jakin nahi dugula eta dakigunarekin ez zaigula aski.

Zinez berezia da erantzuna topatzen zaila duen galdera baten pean murgilduta egotea, etengabeko hipotesi planteatze saiakera, galdera batetik besterako jauziak eginaz ibiltzearen gisakoa, lur mugikorretan ibiltzea bezalakoa. Letek poemetako batean aipatzen zuen gisan, “jakintsuagotzen gaituen zalantza orokorraren baitan” bizitzeak ere, badu bere xarma, ez?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*