IBILTARIA

IBILTARIA


Egunero ikusten dut gizona, hiruzpalau aldiz. Ez dakit nola egiten duen, baina beti dago hor, ni nagoen lekuan. Atzo, Txakain aldera joatea erabaki nuen, goizean, eta gizona hantxe. Herenegun, ordea, trenbide aldera jo genuen, goizerdi aldera, eta gizona bueltan zen, martxa bizian. Frain ingurura hurbiltzeko erabakia hartu, eta bera hantxe. Erosketak egitera joan, eta bera mendialdera oinez. Kotxez herritik ateratzean ere, gizona ikusten dut errepide bazterrean, bueltan, edo alde egiten, ttipi-ttapa, makila eskuetan.

Ez dut inoiz berarekin hitz egin, herria txikia bada ere, ez dakit nor den. Emazterik ote duen. Seme-alaba edo bilobik duen. “Aio” da elkarri esan izan diogun hitz bakarra. Egunero esaten diogu, ia egunero. Elkar ikusten dugun aldiro.

Poliki-poliki ezagutuz noa gizona. Bere makila, bere makil preziatua gordetzen duen txokoa deskubritu dut. Uste dut berak uste duela inork ez dakiela, baina nik, aurrekoan ikusi egin nuen. Nire etxetik gertu badago paseotxo itzaldun politt bat, zuhaitz ilara luze bat duena. Bada arbol bat, zulo bat duena, ba hantxe ezkutatzen du bere makila, zuhaitzaren barruan. Etxetik esku hutsik egiten du ihes, eta etxera ere deus gabe ailegatzen da. Baina oinez ikusten dugun bakoitzean, makila eskuetan du. Bidelagun.

Hau misterioa. Gizon hau beti kalean dabil, etxeko leihoak irekitzen ditudanean, goizeko 8ak badira ere, bera martxan da. Eta lanetik bueltan, iluntzeko 19:00etan bera ere oraindik paseoan dabil. Egunero. Astelehena izan, igandea izan.

Aurrekoan, beste batekin solasean ari zela aurkitu nuen kalean, eta nire jakinminak deituta, disimuloz gertu geratu nintzen, alabarekin errekari begira ariko banintz bezala. Belarriak adi.

Andereak, galdetu zion… “egun on… eta… zenbat daramatzazu gaur?”… Gure ibiltariak erlojuari begiratu zion, eta erantzuna bota “bada… goizeko 7etatik martxan naiz, 25 bat kilometro daramatzadala erranen nuke.. eta arratsaldean bertze horrenbertze eginen ditut seguskire”… “joño… eta ez zara nekatzen? Sasoiko ikusten zaitut, baina, gure adinean”… “gauza bat kontatuko dizut.. begira… oso gazte nintzela etorri nintzen fabrikara lanera, nire herria utzita… eta goizero bazen oinez ikusten nuen gizon bat, ni lanera sartu, bera oinez gotti aldera… ni lanetik atera, bera oinez betti aldera, atsaldin haurrekin parkean, eta gizon hura herriko bertze puntara ttipi-ttapa… nire baitan esaten nuen… gizon hura ez zegoela sano… jubilatuta, eta denbora galtzen alde batetik bertzera… garbi nuen, jubilatzerakoan, gauza anitz eginen nituela, eta ez nuela paseoan denbora galtzeko denborik izanen… eta batez ere, lo iñen nuela, goizetan lo berandu arte. Eta begira, gizon hura bilakatu naiz”.

Ni izanen ote naiz, istori honetako hirugarren ibiltaria? Batek daki, oraingoz, nire protagonistaren behatzaile izaten jarraituko dut… ibiltari honen miresle eta jubilaziotik urrun, oso urrun.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*