SENTSAZIOEN MAPA

SENTSAZIOEN MAPA



Nabarmena da espazio publikoen erabilera asko aldatu dela eta gaur egun gure kaleak joan etorrian presaka dabiltzan pertsonez eta autoz beteta daudela. Ez dira batere ohikoak etxe atarian eserita kontu kontari ibiltzen diren bizilagunak, edo haur taldetxo bat parketik kanpo jolasean ibiltzea. Lurralde, herri antolaketak eragin zuzena dauka gure bizimoduan. Hala azaltzen du Francesco Tonuzzik, eta begirada kritiko batez azaltzen digu gaur egungo hirien egituraketa. Heziketa ardatz duen herriaren inguruko hautua egiten du eta hori horrela izan dadin hainbat irtenbide eta proposamen egiten ditu. “Haurraren Hiria” liburuan azaltzen den esaldi bat ekarri nahiko nuke hona “Komunitate bat bere historia eta istorioekin osatzen da, geografia fisiko eta sentimentalarekin, bizitzeko, antolatzeko moduekin,…” azken finean, gure ingurunea ulertzeko erabiltzen ditugun ohiko mapei aldagai berriak eransten dizkie: bizipenak, sentsazioak, harremanak,…

Norbaiti mapa bat zer den azaldu beharko bagenio, ziurrenik gehienek errepide mapa baten antzekoa irudikatuko genuke eta hura zer den azaltzen saiatuko ginateke. Eskualde bateko herriak, ibaiak, errepideak, mendiak irudikatzen duen adierazpen grafikoa hain zuzen ere. Mapa batek aldagai mota desberdinak irudikatu ditzake fisikoak, politikoak, hidrografikoak, hizkuntzen hedapena,… eta baita sentsazioak ere. Gure herriek dituzten plazek, parkeek, kaleek, auzoek,… sentsazioak pizten dituzte gugan. Batzuk gustuko ditugu, beste batzuk arriskutsuak iruditzen zaizkigu, beste batzuetan zarata handia dagoela iruditzen zaigu edo argitasun gutxi. Sentsazio desberdinak izaten ditugu arrazoi desberdinengatik eta horiek mapa batean irudikatzeak, espazio publikoaren inguruan egiten dugun erabileraz informazio asko emango liguke. Ariketa interesgarria izan daiteke haur eta gazteekin egiteko eta errealitate hauetan positiboki eragiteko.

Arkitektura giza habitataren espazioaren diseinuaz arduratzen da, eraikuntzaren artea dela esan genezake, pentsatu dezagun bada nolako bizimodua eragiten dugun, eraiki nahi dugun horrekin.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*