IGEL AUSARTA

IGEL AUSARTA



Bazen behin Argentinako igel talde bat, bertako Andeetako mendirik altuena igo nahi zuena. Beharrezko guztia prestatu eta mendira abiatu ziren bost igelak. Bidean zihoazela, lehenbizi azeriarekin egin zuten topo eta zera esan zien:

– Baina igelak! Nora zoazte? Mendi hau oso arriskutsua da eta ez duzue sekula lortuko goraino bizirik iristea, zoratuta zaudete!


Igeletako bat zeharo beldurtu zen eta buelta hartu eta bere etxera itzultzea erabaki zuen. Gainontzeko igelek aurrera jarraitu zuten, pumarekin topo egin zuten arte.

– Nora zoazte igeltxo txikiak? Zuentzako handiegia da mendi hau, ez duzue bada pentsatuko goraino joatea, ezta? Hobe duzue berehalakoan behera jaistea, ikusiko duzue ekaitza iristen denean bestela.


Lau igeletatik bi dardarka hasi ziren, nola igoko ziren bada beraiek hain txikiak izanda halako mendi batera! Beraientzako gehiegi zen hura eta bueltatzea erabaki zuten.
Geratzen ziren bi igelek aurrera jarraitu zuten, azeriak eta pumak esandakoak kontuan hartu gabe. Gailurrera iristeko gero eta gutxiago falta zenean ordea, arranoa ikusi zuten beraien gainean hegaka zebilela eta gerturatu egin zitzaien.

– Hara! A ze igel ausartak ditugunak hemen! Ausartak eta leloak! Zuek nola igoko zarete bada mendi honen gailurreraino? Hemendik aurrera joanez gero izoztuta geratuko zarete, eta ez zaituztete inoiz inork bizirik aurkituko.


Bi igelek aurrera jarraitu zuten baina laster laino beltz bat gerturatzen hasi zen. Bietako bat zeharo beldurtu eta beste igelari esan zion:

– Nik ez dut nahi izozturik hil, banoa behera eta zuk ere gauza bera egin beharko zenuke!


Baina azken igelak aurrera jarraitu zuen indar guztiekin. Gailurreraino iritsi zen eta beheraka abiatu zenean arranoa, puma, azeria eta gainontzeko animalia eta pertsona guztiekin topatzen hasi zen. Denek txundituta begiratzen zioten igelari, txaloka ari ziren.

Beheraino iritsi zenean herri guztia beteta zegoela ohartu zen, inguruko herrietatik etorria zen jendea igela ikustera eta kazetariak ere gerturatu ziren gertaera honen berri zuzenean jakiteko. Denak oihuka eta txaloka ari ziren bitartean kazetariak igelari argazkiak atera eta atera ari ziren. Halako batean kazetari bat gerturatu zitzaion igelari eta zera galdetu zion:

– Baina igela, nola lortu duzu mendi honen gailurreraino iristea?


Ba al dakizue zer erantzun zion igelak:

– Kroak!


Igela gorra zen eta ez zituen entzun bidean topatutakoek esandakoak ezta herrira iristean botatzen zizkioten losintxak ere.
Sarri, ingurutik jasotzen ditugun mezuek laguntzen edo eragozten digute gure helburuak lortzea.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*