AISIALDIA EZ DA DENONTZAT?

AISIALDIA EZ DA DENONTZAT?


Kezkaturik nago. Guraso askok aisialdiari ematen dioten garrantziarekin kezkaturik. Aisialdiaren garrantzia, onurak, azaltzeaz nekaturik. Erlojuari begira bizi gara eta urteak pasa dira jada hori onartu genuenetik. Haurrak ere zurrunbilo horretan sartu ditugu eta geroz eta gutxiago dira arratsaldero lasai, presarik gabe haurrak bere aisialdia gozatzeko parkerako bidea hartzen dutenak. Baina tira, hori ez da berria, aspaldian gizarteak hartu zuen norabidea da eta egun normaltzat duguna.

Baina lau urteko semearen gelako bileran entzundakoak kezkatzen nau. Jangelan geratzen dira geroz eta haur gehiago, hori ere normala da, eta eskola bazkal ondorengo tartea betetze aldera tailerrak eskaintzen hasi da. Tailer ludikoak dira, baina haurraren denbora librea kentzera datozen tailerrak. Hala ere, bada oraindik gustura ez dagoen ama bat eta ingeleseko klaseak eskatu ditu bazkal ondoren bere haurrak denbora gal ez dezan. Ez naiz inoiz besteen bizietan sartu edo haurra nola hezi behar duten esaten aritzen den horietakoa izan, baina gehiegizkoa iruditu zait. Ez gara ohartzen haurrek ere arnasa hartu behar dutela, jolasteko denbora izan behar dutela edo ezer egin gabe egoteko denbora, baina denbora, aisialdia, beraiek nahi dutena egiteko denbora. Haurrak ito egiten ditugu, hemen izena eman, hau ikasi… zertarako? Etorkizunean curriculum zoragarri batekin atzerrira lanera joateko? Ingelesa beharko du orduan…

Haurren aisialdia milaka gauzekin betetzen ere aspaldian hasi ginen, baina geroz eta lehenago hasten gara. Lau urterekin oraindik ezer ez egiteak, etorkizuna beltzez margotzen duela dirudi. Hobea da 9etan eskolara sartu, 12:30-13:30 bazkaldu, 13:45-14:45 ingeleseko eskolak eta 14:45etan berriz eskola ordua. Ateratzean merienda eta korrika musika eskolara eta hortik etxera hurrengo egunerako indarrak hartzera. Makinak bezala, aurrera eta atzera geratu gabe, denborarik gabe, aisialdirik gabe…

Baina bestalde, gurasoen aisialdiari, denbora libreari geroz eta garrantzia handiagoa ematen diogu. Haurrak ditugu baina bizitza ahalik eta gutxien aldatzea nahi dugu. Guk ere bizi behar dugulako, arnasa hartzeko behar dugulako, indartzeko… Garrantzitsuena haurrarekin denbora gutxi bada ere, kalitatezkoa izatea delako, eta horretarako gure aisialdia ezinbestekoa delako. Beraz, aisialdiaren onurak ezagutzen baditugu, zergatik ez diegu gure haurrei aisialdiaz gozatzen uzten?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*