Polityka kulturalna, Kultúrpolitika, Політика в області культури,…

Polityka kulturalna, Kultúrpolitika, Політика в області культури,…



Arratsaldeko bostak emateko minutu gutxi falta dira. Antzoki bat. Leihatilan sarrerak erosi. 3 euro.

Adin guztietako pertsonak. Guztietakoak. Hiruzpalau urteetatik aurrera, goi mugarik gabe. Maila sozial guztietako pertsonak. Guztietakoak. Gehienak dotore jantzita. Adin txikietatik hasita, gorbatak, takoiak eta okasiorako arropa. Harrera aretoan, edariak eta zerbait jateko gonbidapena egiten duten bi gune. Haurren altuerara egokiturik. Berokiak eta poltsoak uzteko gunea. Pertsonak solasean. Mugarik gabeko sozializazioa. Adin guztien artean. Txirrin hotsa. Behin, bigarrenez. Hirugarrenak, ekitaldia hastera doala adierazten du. Antzokiko eserleku guztiak beteta. Mila inguru. Eszenatoki azpian, orkestra. Zuzenean jotzeko prest. Argiak itzali eta hastera doa. Orkestrako zuzendaria agertu eta txaloak. Bat-bateko isiltasuna. Errespetua. Errespetu naturala, ez inposatua. Hasi da. Aurreko oihalak ireki dira. Opera hasi da. Atrezzoa bistaratzen da. Oparoa. Aldakorra eta gustuz egina. Antzezle-abeslariak agertzen hasten dira. Bakoitza bere paperean. Zenbatzen hasita, ia ehun pertsona. Hungariako noble batek Frantziarrekin eta Austriarrekin izandako gorabeherak traman. Amodioa, muga geografikoak, ohiturak, historia, pertsonaia historikoak,… Darabilten hizkuntza arrotz bazait ere, trama jarraitzeko arazorik gabe. Ziztu bizian pasa zait lehen ordu eta erdia. Komunera joan edo trago bat hartzeko unea. Bertara goaz. Sozializaziorako tarte berria. Ezezagunen artean. Talde naturaletatik haratago. Koadrilen “babes” mugatzailetik urrun. Belaunaldien artekoa. Baita atzerritarrokin ere. Berriz ere hirugarren txirrinak ekitaldiaren jarraipena adierazten du. Isiltasunak eta tramak darrai. Hirugarren ordua iristean, eszenatokian aritu diren artistak txalo zaparrada batez agurtzeko eta eskertzeko unea iritsi arte. Kalitatea eta oparotasuna. Maitasunez egina eta profesionala. Duina baino gehiago. Folklorearen kortsetik urrun. Irriak eta asebetetzea nonahi.

Emozio andana nirea. Hitzez, idatziz partekatzen zaila.

Hau guztia Budapesten izandako bizipena da.. Baina Berlinen, Cracovian, Kieven edo beste hainbat tokitan izan zitekeen. Kultur politika baten adierazpena.

Kultur politika. Herria eta kultura. Gizartea. Proiekzioa. Diruaren erabilpena. Lehentasunak.

Kultur Politika.

Letra larriz.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*