OGITARTEKO MAGIKOA

OGITARTEKO MAGIKOA



Gure etxean negua gerturatzen ari dela iragartzeko bi modu ditugu. Lehenengoa usaimenaren bidezkoa da. Alabak balkoira ateratzerakoan tximinien erre usaina igartzen badu “Negu usaina dago” pozez adierazten du. Bigarren moduak beste zentzumen batzuekin zerikusia du: ikusmena eta entzumenarekin. Telebistan iragarkiak jostailuz eta lurrinez betetzen direnean Eguberriak eta, ondorioz, negua hurbil dagoela konturatzen gara.

Aurtengoan, usaimenaren bidezko iragarpena atzeratzen ari da. Hego haizeari esker oso udazken epela izaten ari gara eta inguruko tximiniak oraintxe ari dira pizten, poliki-poliki, presarik gabe. Telebistak, ordea, dagoeneko eguberri makinaria guztia martxan jarri du. Panpin, joko, lurrin eta antzeko produktuen publizitateak orain arte ikusi ditugun beste iragarki batzuen tokia hartu du.

Ziur aski, aurtengo udako iragarki originalena limoizko edari freskagarri baten publizitatea izan da. Haur bat agertzen da opari bat irekitzen. Kutxa irekitzerakoan, barruan dagoena makil bat dela konturatzen denean, pozez txoratzen builaka hasten da: “Un palo, un palooooo, un paloooooooo…”. Sare sozialetan iragarkiak zabalpen handia izan du eta zer pentsa emateaz gain, grazia egin digu. Hala ere, ez dut uste gure seme-alabek edo ilobek idatziko dituzten Olentzeroren gutunetan makila hitza agertuko denik.

Bada desagertu den beste iragarki bat mezu zuzenago eta gogorragoa duena. Ama bat eta bere alaba agertzen dira etxean. Alabak afaltzeko zer dagoen galdetu du. Ogia besterik ez dagoenez amak ogitarteko magikoa dutela erantzun dio; ogitarteko barruan egotea gustatuko litzaiokeena irudikatzeko eta hori izango dela afalduko dutena.

Iragarkia Gironako eskola batean gertatutako istorio batean oinarrituta dago. Hala azaldu zion mutiko batek bere irakasleari “ Andereño, gaur gosaltzeko ogitarteko magikoa ekarri dut: ogia ogiarekin. Eta nik erabakitzen dut zer dagoen ogi barruan”. Gure inguruan ere baditugu egoera gogor hori bizi duten haurrak, nahiz eta oso agerian ez egon. Oiartzunen dagoen Gipuzkoako Elikagai Bankura bisita bat egitea eta bertako boluntarioekin elkarrizketa bat edukitzea nahikoa da gure artean iragarkiaren antzeko egoerak badaudela konturatzeko .

Horregatik, aurtengo eguberriko erosketak egiterakoan Elikagai Bankuak, azaroaren 29 eta 30ean, inguruko denda askotan egingo duen elikagai bilketa erraldoian parte hartzeak garrantzia du. Janariz betetako poltsa emateak ogitarteko magikoa benetakoa bihurtu dezakeelako.

Tximinien erre usainak negua gerturatzen ari dela adierazten baitigute eta hotzari aurre egiteko modu egokiena, sabela ondo beteta edukitzea baita.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*