ZER DA?

ZER DA?



Ilearen luzera. Arroparen kolorea. Arropa bera. Belarritakoak dituen ala ez. Bere aulkitxoaren kolorea, apaingarriak. Bere jostailuak. Urtebete duen haurra, neska edo mutila den erabakitzeko (asmatzeko?) pistak. Denek, oharkabean darabiltzagunak. Urtebeteko haurra, jaiotzez, alua edo zakila duena (biologikoki arra edo emea dena), baina oraindik, jarreraz, neska edo mutila ez dena. Oraindik pertsona dena. Besterik gabe pertsona. Baina ez, jendeak bilatu nahi ditu ezaugarri femeninoak, panpina besarkatu egiten duenean, “ikusten, neskak goxoagoak dira, berezkoa dute”. Baina, alaba, jendearen ikuspegira “mutilez” jantzita doanean, eta parke ezezagun batean gaudenean (ezezagunez inguraturik), “hau mutiko bihurria, ez da geldirik egoten… zakartxoa da, begira nola botatzen duen kotxetxoa txirristatik behera, ai… honelakoak dira mutilak”. Oso txikia da alaba, baina dagoeneko jendeak berarengandik gauzak espero ditu. Jarrera batzuk. Eta jendeak, modu batean hitz egiten dio, neska delako. Dakitenek.

Baina alaba oraindik ez da neska. Bi urte ingururekin hasten omen dira generoa garatzen. Izan ere, generoarekin ez gara jaiotzen, generoa eraiki egiten da. Ikasi egiten dugu mutil edo neska izaten. Hemen, neska izatea modu batekoa baita, eta munduko beste herrialde batean, ezberdina. Generoa kulturala delarik. Gainera, bi genero baino gehiago egon daitezke. Baina ez dut bide honetatik joko, hori ez baitut xede gaurkoan. Haurrek, bete behar duten rola zeinen ongi betetzen duten aipatu nahi dut (baita helduok ere), besterik gabe. Guk, gizarteak, haiek izan behar direna espero dugu, eta haiek, txintxo-txintxo betetzeko prest. Guk horretara bideratu baititugu. Gizarteak. Guk.

Behin, Baigorriko ostatu bateko komunean nengoela, haurtxo bat bere amarekin komunean sartu zen. Komuna handia zen, eta eskuak garbitzeko leku bat baino gehiago zeuden. Ni batean, eta txikitxoa bere amarekin bestean. Amak iturri bat ireki zuen, eta alabak “ama, baina zergatik ireki duzu mutilen iturria? Guk gorria erabili behar dugu, neskena. Urdina aitatxok”.

Nire lagun batek haur batzuk ikusi zituen behin taberna baten kanpoaldeko izozki kartelari begira: “hau, hau, eta hau (arroxak) neskenak dira, eta hau, hau, hau, hau, hau, eta hau mutilenak (urdinak, horiak, berdeak), joe… mutilentzat gehiago daude”.

Goiko hauek bi adibide soil besterik ez dira, baina eguneroko elkarrizketak entzun besterik ez ditugu. Helduon elkarrizketak, gureak, hartaz eta besteaz ari garela. Beti, oharkabean, bereizketa egiten. Zaintzen al dugu gure hiztegia? Genero bereizkuntza norainokoa da? Zein eragin du honek?

Haurren arropa denden erakusleihoak edo jostailuen propagandak begiratu besterik ez dago, neskentzat eta mutilentzat sailkatuta dago dena. Printzesak eta Cars. Hello Kitty eta Spiderman. Panpinak eta baloiak. Gauza arroxak eta gauza urdinak. Jostailu eztiak, eta jostailu zakarrak.

Eta gabonak gertu. Eta opari bonbardeoa. Jostailu sexistak? Ez, eskerrik asko.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*