KOMUNIKAZIO BEHARRA

KOMUNIKAZIO BEHARRA



Gizakiak betidanik izan du komunikatzeko beharra. Eguneroko berri edo gertakizun desberdinetatik hasi eta norberaren barneko sentimenduetara iritsi arte; taldean, binaka edo bakarka bada ere.

Behar horiek asetzeko modu ugari ditugu gizakiok, baina nik ahozko edo aho-gorputz komunikazioaren inguruko hausnarketa txiki bat egin nahi dut. Has gaitezen beraz taldean suertatzen den komunikazioarekin.

Taldean oro har liderrak edo lider bat egon ohi da, komunikazioa beraiek bideratzen dute eta besteak bigarren plano batean egoten dira. Batzuk lider naturalak izan ohi dira, nahi gabe, sozializatzeko edo komunikatzeko gaitasun hobea dutelako edota izaera irekiagatik, hau da besteengana modu natural eta erosoan iristen direlako. Bestetik egokitutako liderrak daude, bigarren plano batean egoten diren horiek, aukeratutakoak hain zuzen ere. Normalean ez da aurretik aipatu ditudan ezaugarriengatik “aukeratzen” lider hori, beste “dohai” batzuk izan ohi ditu. Horrelako taldeetan komunikazioa nahiko mugatua izaten da, liderrak ez direnak hitz egiten baino, entzuten egoten direlako. Entzutea noski oso garrantzitsua da, baina izan dadila zure hautua izan delako eta ez liderraren jarrerak beste erremediorik uzten ez dizulako

Bestalde pertsona bakoitzaren lider izaera inguruan dituen solaskideei oso lotuta joan daiteke, hau da, gerta daiteke pertsona bera lagun talde batean lider izatea eta beste talde batean berriz bigarren maila batean geratzea. Horrek pertsona horren komunikatzeko moduan zuzeneko eragina du.

Binakako elkarrizketa batean ere normalean batek besteak baino protagonismo handiagoa hartzen du. Osasuntsuena bien arteko oreka bat mantentzea litzateke biak garrantzitsu eta gustura sentitzeko, baina hori sarritan ez da naturalki gertatzen. Egia da ere hamaika kasu gerta daitezkeela eta bakoitzak komunikazio egoera desberdin bat izan dezakeela bere baitan, adibidez, elkarrizketa batzuetan pertsona batek egoera desberdin batengatik entzule papera hartu behar du eta beste batzuetan berriz aurkakoa. Horregatik esandakoa bere orokortasunean hartu beharra dago kasu zehatzetara mugatu gabe.

Askotan entzun dut nire bizitzan zehar pertsona bat edo beste ez dela oso hiztuna, eta egia da batzuek besteek baino erraztasun handiagoa dutela hitz egiteko, baina horrek ez du esan nahi komunikatzeko behar txikiagoa edo handiagoa dutenik. Askotan hitz-jario txikia duten horiek behar dutena, aurrean duten pertsona horrek entzuten jakitea da. Eta entzuten jakiteaz ari naizenean ez naiz bere aurrean isilik geratzeaz ari, galdera, esaldi motz edo bestelako hitzekin aurrean dagoen horrek gertutasuna eta konfiantza sentitzeaz ari naiz, horrenbesteko hurbiltasun maila non gauzarik pribatuena kontatzera irits daitekeen lagunik onena izan gabe. Horrelako kasuetan hitz-jarioa txikia duten horiek gustura sentitzen dira normalean entzule papera izatetik protagonista izatera pasatzen direlako. Nori ez zaio gustatzen bada geure bizitzagatik edo gertatzen zaizkigun gauzengatik arduratzen direla nabaritzeak?

Horregatik gomendatzen dizuet entzule aktiboaren papera praktikara eramatea. Bestea gustura sentiaraztea hain zuzen ere (beti ere zu interesatuta bazaude noski) eta horrela guztien komunikazio beharrak asetzeari ekingo diogu. Nola baina? Erraza da esaten, baina egiten? Tira… nire iritziz funtzionatu dezaketen gauza batzuk hauek dira:

– Hasteko beste pertsonaren gorpuzkera-aurpegiak zer iradoki dezakeen hausnartu behar duzu: alai, triste, estresatuta, nekatuta, pozik…
– Ondoren elkarrizketa abiarazi behar duzu, “zer moduz” soil batekin edo bestelako galdera sinple batekin…
– Eta ondoren momenturik “zailena” dator, non galdera puntualen edo bestelako “trikimailuen” bitartez berak dioena interesatzen zaizula adierazten duzun.
– Berak hori segituan nabarituko du (askotan inkontzienteki) eta segurtasuna eta konfiantza transmitituko diozu. Hori horrela, zuk ere hitz egiteko ahalegina egin behar duzu azken finean elkarrizketa ez da pertsona bakarrari entzuten egotea, bien arteko komunikazioa baizik.
– Azkenean zurekin komunikatzeko gogoa sortuko zaio.

Hau horrela irakurrita, gauza mekanikoa eta ez naturala izan daitekeela dirudi baina gakoa hortxe dago, hau guztia modu naturalean egitea, gustura egitea, pertsona horrek esaten duena benetan zure interesekoa izatea, nahi gabe baina era berean kontziente izanda. Horrela bi pertsonen arteko komunikazio osasuntsua sortzen da eta hurrengo batean komunikazioak modu askoz errazago batean funtzionatuko du.

Bere arriskua ere badu noski. Aurreko pausotxoak egiten badira baina era berean zure aurpegiak, begiradak, gorputz espresioak interes-eza adierazten badu jai dugu. Oso erraza baita faltsukeriaz, “peloteo” hutsez edo interesik gabe dagoenari harrapatzea:

– Zurekin hitz egiten ari da, segituan aldatzen du gaia eta berari interesatzen zaion gauza bati buruz hitz egiten hasten da.
– Zurekin hitz egiten ari da baina bere begiradak zurekin ez dagoela adierazten du.
– Zurekin hitz egiten ari da eta ondoko elkarrizketa batera pasatzen da zu esaldi erdian uzten zaituelarik.
– Zurekin hitz egiten ari da eta bere mugikorrak zuk baino interes handiagoa pizten dio. Honen aurrean askotan entzuten ari direla diote… entzuten bai baina kasurik egin gabe! (Entzuten zaitu, baina ez zaitu aditzen).
– Ez da zurekin hitz egiten ari, bakarrizketa bategiten ari da.
– …

Zeinek ez du bizi izan inoiz horrelakorik? Eta nork ez du egin inoiz horrelako zerbait?

Isiltasuna oso garrantzitsua da baina gogoratu! Komunikazio beharra ia ezinbestekoa dugu eta normalean horretarako pertsona bat baino gehiagoren beharra dago!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*