EURI GAINEKO MARRAZKIAK

EURI GAINEKO MARRAZKIAK



Azken aldian, mordoxka batean tokatu zait autobusean lurrundutako kristalen artean joatea. Halakoetan ez dut ulertzen nola autobusean kristalaren alboan doazen gainontzekoek ez duten kristala garbitu eta bestaldean dagoena ikusteko interesik izaten. Baina, tira, nik, birritan pentsatu gabe, modu automatikoan ia, eskua berokiko mahukaren barruan sartu (izoztu egiten baitzaizkit bestela) eta borobil handi bat egiten dut kristalean, dena garden-garden utzi eta bestaldekoa ikusi asmoz.

Gaurkoan baina, ohitura hau ez dudala gaur goizekoa konturatu naiz, lehendik ere banuela bestaldekoa ikusteko interes hori, baita eskuak busti gabe euria ukitzekoa ere. Izan ere gogoan baitut orain urte batzuk, modu automatikoan, eskua kristaletik pasa bezain pronto, damutu egiten nintzela, nire artista senari bidea mozten ari nintzela iruditzen zitzaidalako. Kristala garbitu orduko, lurrunarekin jolas egiteko aukera galtzen nuela konturatzen nintzen eta horrek amorrua ematen zidan. Borobilaren inguruko lurrunak beraren gainean marrazkiak egiteko deia egiten zidan. Segituan damutzen nintzen eskua pasa izanaz eta ahoa ireki, kristalaren parean aurrez aurre jarri eta barru-barruko hatsa botatzen nuen kristalera, berriz ere hutsunea lurrunez bete asmoz, gero gainean marrazkiak egin ahal izateko.

Buruan nerabilen zerbait irudikatzen saiatzen nintzen halakoetan, edo ongien ateratzen zitzaidala pentsatzen nuen marrazkia egiten nuen, bestela. Eta ez zuen axola nahi bezala ez ateratzeak, beti baitzegoen, hats beroa bota, hutsunea bete eta hasieratik hasteko aukerarik. Hatz puntekin nire gustura eta estilora apaintzen nuen kristal zatitxo bat. Aldi baterako baino izango ez zela baldin banekien ere, gustura egiten nuen nire ekarpena autobusa politago gera zedin.

Egun euritsuak tristeak direla esango dute gero… Ez genuke berdina esango, euria busti gabe ukitzeko gaitasunarekin gogoratuko bagina, euritan marrazkiak egin ditzakegula ahaztuko ez balitzaigu. Ez genuke berdina esango, denok gure ekarpen txikia eginaz, bakoitzak kristal zatitxo bat margotuta autobusa apain-apain utzi dezakegula sinetsiko bagenu.

Zer ederragorik autobusean eseri eta aurrekoak utzitako oparia ikustea baino?

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*