ETORKIZUNEKO INGENIARIAK

ETORKIZUNEKO INGENIARIAK


Duela aste batzuk Odei Sagardiak idatzitako artikuluan aipamena egindako gai batekin jarraitu nahiko nuke gaurko honetan, jostailuena. Gabonak ate joka ditugu jada eta guraso askoren buru haustea izaten da opariak aukeratzearena. Haurren gustukoa izatea, kalitatezkoa izatea, bakoitzarentzako garrantzitsua diren baloreetan heziko dituena… ez da erraza izaten hau guztia lotuko duen jostailu batekin topo egitea eta are zailagoa iruditzen zaigu jostailu etxe erraldoien iragarkiak ikusten ditugunean bouncy castle canada.

Egun hauetako batean nire etxera iritsi den iragarki batek atentzioa piztu zuen berehala, El Corte Inglesek urtero bidaltzen du etxera bertan salduko dituzten jostailuen katalogo zoragarri bat eta bertako atal batean ikusi nuen: Juega a ser mayores Orria pasa eta jostailu arrosak, sukaldetxoak, garbigailuak, plantxak, zoru-garbigailuak,, ia benetakoak diruditen panpinak… noski jostailu hauekin jolasean zebiltzan haur guztiak neskak ziren, neskatoek lehenbailehen etorkizunean tokatuko zaizkien lanak egiten ikas dezaten.

Hurrengo orria pasa eta atala bukatu da, beraz mutikoek zer egiten dute handitzen direnean? Mutilei ez zaie tokatzen lanak egitea, mutilak bestelako gauzetan agertzen dira: super-heroiekin jolasean, motoekin, helikopteroekin, garabiekin, teleskopioekin… kolore ilunagoek apaintzen dituzte jostailuok.

Horrela ikusita ondorioa garbia da, etorkizunean gure haurrak neskak badira etxeko lanak egingo dituzte: janaria prestatu, haurrak zaindu, etxea garbitu… eta mutilak izango dira nesken super-heroi, salbatzaileak izango dira, etxetik kanpo lan garrantzitsuak egingo dituztenak: ingeniariak, pilotuak… Badirudi mende erdi bat atzeraka goazela, baina gaur egungo jostailu eta iragarkiak dira.

Hala ere, egun ez dugu zalantzan jartzen neskak kimikariak, astronautak edo proposa dezakegun edozein gauza izan gaitezkeela, haurrak izan ditzakegula edo ez, mutilek bezalaxe. Beraz zergatik ari gara oraindik ere eredu estereotipatu hau ematen gure seme alabei? Gauza asko ditugu oraindik aldatzeko, lantzeko, borrokatzeko.

Nik proposamen bat egingo dizuet gaurkoan, etorkizuneko neska ingeniarientzat jostailu baten iragarkia duzue hurrengoa. Jostailu arrosak dira bai, hala da, baina bere erreboltari puntuarekin, neskok ere honelako eredu gehiago behar ditugulako.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*