OLENTZERO IS COMING TO TOWN

OLENTZERO IS COMING TO TOWN


Laster Olentzero gure artean izango da. Inguruko haurrak bere bisitaren esperoan nabaritzen ditut. Baina, nor da Olentzero? Zer adierazten du? Noiz sortu zen? Bertako ohituren inguruan hausnartzeko, zenbaitetan, kanpoan egindako azterketak interesgarriak izaten dira.

Eric R. Wolf antropologo estatu batuarrak, 1964ean, Santa Claus pertsonaiaren inguruko artikulu bat idatzi zuen. Bere ustez, Santa Clausen mitoa gizarte kapitalistaren adierazpen kolektibo garbienetako bat da. Santa Clausen mitoa XIX. mendearen hasieran birsortu zen. Ameriketako Estatu Batuetan, independentzia lortu ondoren, amerikar identitate berria sortzeko beharra nabaria zen. Beste hainbat errito eta pertsonaiekin batera, Santa Claus amerikar kultura berria osatzeko sormen auto-kontzientea izan zen. Herbeheretako San Nikolas pertsonaian oinarritutako ipuinak eta irudiak zabaltzen hasi ziren, ezaguna dugun irudia erakutsiz: adineko gizona, bizar zuria, jantzi zuri-gorria…

Santa Clausek, amerikar on bat bezala, bizitza adierazten zuen, aberastasunaren bizitza ona. Wolfek dio Santa Claus moralitatearen zaintza irudikatzen duen santu laikoa dela. Bere ustez, merkatu kapitalistaren moralitatearen zaindaria eta helduen munduaren ordezkaria litzateke. Honela, bi amerikar paradigma tipikoen irudia litzateke. Batetik, “Eskatu desioa eta oparia lortuko duzu” esaldiaren bidez “Nahi baduzu, lortu dezakezu” balorea transmititzen da. used water slides
Bestetik, “Ona bazara oparia lortuko duzu” esaldiarekin “Pertsona onek irabazten dute” adierazten da.

Antropologoaren ondorioa garbia da: Santa Clausen mitoak, beste antzeko mitoekin batera, oso paper garbia jokatzen du gizartean; irudizko jolas baten bidez haurrei gizartearen oinarrizko joko arauak transmititzen zaizkie, merkatu gizartearen baloreak eta lehia.

Aztertu al daiteke Olentzeroren egungo mitoa Wolfen hausnarketetan oinarrituz? Gure ikazkinaren erritoa laikoa al da? Erlijiosoa? Pertsonaia tradizionala al da? Sormen auto-kontziente baten aurrean al gaude? Aldatzen ari dira Olentzeroren ezaugarriak? Gaur egungo Olentzeroren bidez, Santa Clausekin gertatzen den bezala, merkatuaren morala transmititzen al diegu haurrei?

Zaila da erantzun garbia ematea, ziur aski, Olentzero ezaugarri horien guztien nahasketa bat delako. Eguberrietarako oraindik egun batzuk dituzue eta lerro xume hauetan hausnarketarako abiapuntua jarri dizuet. Baina, denbora askorik ez galdu; izan ere…

…Olentzero is coming to town!

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*