2+2 EZ DA 4

2+2 EZ DA 4


Ez behintzat pertsona multzo bat lan-talde egitura batean lanean hasiz gero. Pertsonak, euren gogo, energia eta ilusio guztia talde baten antolakuntza dinamikoan erlazioan jarriz gero, hain oinarrizkoa den eragiketa matematikoa bertan behera erortzen da. Lortzen diren emaitzak askoz ere handiagoak, zabalagoak, oparoagoak direlako. Beraz, 4 baino gehiago, ziur, biderketa esponentzialaz arituko ginateke.

Aro berria bizitzen hasiak gara, eta jakina da aroak ez direla egun batetik bestera bat-batean aldatzen. Begi-bistakoa da aldaketak prozesu gisa ulertu behar direla, eta horregatik, etorkizunari begira, pertsonok hartu behar ditugun jarrera berriak ezinbestekoak bilakatzen ari direla. Liderrak behar ditugu, egiten ari direnaren protagonismoa hartuko duten pertsonak, harremanak (lanekoak barne) beste modu batera egin daitezkeela erakutsiko dutenak. Warren Benisek dioen bezala,” Lidergoa edertasuna bezalakoa da. Definitzen zaila da baina ikusten duzunean, antzematen duzu”. Nori ez zaio erakargarri egiten edertasuna?

Talde lanean kokatzen da beraz eragiketa matematiko horren emaitza beste bat izatearen gakoa. Beti ere, giza talde batean eragiten duten pertsona(k), motibatzaileak, sinergien bilatzaileak,…harreman profesionalak pertsonalen gainetik jartzen dituzten pertsonak, taldearen helburuak maila gorenean lortzeko xedez. Pertsona zintzoak, zuzenak, osotasunez beteak, minutu batean gal baitezakete hilabetetan edo urteetan irabazitako prestigioa. Pasioa eta gogoa, animoa eta motibazioa igorriz, taldearen bizitza eta jarduna gidatuz.

Zaila dugu baina ez ezinezkoa. Pisu handia dauka bizitza osoan zehar gure zeluletan txertaturik ditugun jarrera pasibo, bertikal eta alienatuetatik aldentzeak. Baina ez da ezinezkoa. Eta ez ahaztu, lidergoa eta taldean lan egitea, igeri egitea bezala, ez daiteke ikasi soilik irakurketa bidez. Jarrera kontua da. “To do or to be”, hor dago gakoa. 2 + 2 ez delako zertan 4 izan behar.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*