NERABEZAROA

NERABEZAROA



DBH-ko gazteak. Nerabeak. Adin txarra. Adin zaila. Hori dago zabaldurik. Baina nik, adin berezia esango nuke (baina, ba al dago berezia ez den adinik?). Adin guztiek badute bere xarma, bere zailtasun puntua, eta bere gakoa. Baina akaso nerabeena da nabarmenki adin berezia. Oso intentsua baita dena adin horretan. Azken finean HAUR izatetik HELDU izateko saltoan daude, GAZTE izeneko SALTOAN. Eta saltoka, aztoraturik.

Egin dezagun denboran atzera, eta joan gaitezen guk 15 urte geneuzkaneko garaira. Salto birtuala izango da, eta bizipen ugari etorriko zaizkigu gogora. Batzuk, gogorrak, besteak alaiak, denetarik. Bakoitzak bizi izan duen nerabezaroaren baitakoa, jakina. Baina, salto hori egite hutsarekin, gaur egungo gazteak, (erreboltariak, arau-hausleak, harroak) ulertu egiten ditugu. Azken finean, gaur egungo gazteak, edo duela 100 urteko gazteak, gazte ziren haiek ere, eta arauaren kontra zihoazen, eta harrotuta zeuden.

Nik, salto birtuala ez, benetan itzuli nahi dut garai hartara. DBH-ra. Bai. Mundua deskubritu genuen, Mundua jan genuen. Mundua gure zilborretik haratago ez zihoan arren. Dena zen handia, dena zen garrantzitsua, dena zen galezina. Dena intentsua, dena pasiozkoa, dena berria. Tripako tximeletak gogoan ditut, pasilloetatik gustuko pertsona ikustean, lagunekin komunetako paretak margotzen genituenean, azterketa bat egiten genuenean, eskolaren batean piper egiterakoan… Asteburuak zoragarriak ziren, beti asteburuen zain, baina astean zehar ikastolan gertatzen zen gertatu beharreko guztia. Inportanteena. Negarrak, eta irriak, betirako lagunak, eta betirako haserreak, lehen muxuak, eta lehen gaiztakeriak. Benetan diot, itzuli nahi dut garai hartara.

Ezin dut 15 urte nitueneko garaira itzuli. Baina zorionez, mentalki bai, amets egin dezaket (gogoratu ditzaket abentura eta bizipen ia guztiak, begiak itxi hutsarekin), eta baita fisikoki ere. Zortea izan dut, duela 15 urte azken aldiz zapaldu nuen Ikastolan izan bainintzen lehengo astean. Ikastaro bat ematea egokitu zitzaidan, DBH-ko irakasleei. Eta haien gazteez hitz egin zidaten. Haien jarreraz, eskaerez, hizkuntza ohiturez, portaeraz. Nire gelakideez ari zirela zirudien. Haiek gazteak gu ginen. Izan ere, ba al dago alderik duela 15 urteko gazte baten eta gaur egungo gazte baten artean? Izan badira, baina finean, berdinak dira. Berdinak gara. Ez dezagun ahantz, gu ere izan gara nerabe.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*