ERABAKIAK

ERABAKIAK



Zenbat kostatzen den batzuetan erabakiak hartzea! Erabakiak hartzen direnean, ibilbide bat hautatzen delako, honek normalean zerbaiti bizkarra ematea suposatzen duelarik. Baina bizitza aurrera doan heinean, haurrak garenetik, erabakiak hartzen goaz. Batzuetan kontzienteagoak besteetan baino, baina denok eduki ditugu uneak non zein ikasketak egingo ditugun, neska-mutil batekin edo bestearekin konpromisoa hartu, kotxea hautatu, etxea erosi, seme-alaben ikastetxea zein izango den, eta beste hainbat konturen inguruan erabakiak hartzen joan behar izan dugun. Horrela da, eta horrela izan behar du. Bakoitzak bere bizitzaren jabe izan nahi badu behintzat. Beste batzuetan, hartu behar den erabakiaren transzendentzia edo zailtasuna dela eta, erabakia hartu beharreko unea atzeratu egiten dugu. Atzeratu, atzeratu,…zenbaitetan erabakia hartu gabe utzi arte, bizitzak edo auskalo nork bere kasa bere erabakia hartzeko zain. Baina ez didazue ukatuko, erabakirik ez hartzea erabakitzen dugunean, erabaki bat hartzen ari garela. Erabakien munduan neutraltasun guneak ez direlako existitzen, nahiz erabakirik ez hartzearen atzean Seth Godinek aipatzen dituen seguritate edo konfort gunean eroso sentitu.

Lan munduan ere hainbatetan ematen dira horrelako egoerak. Lan mundua ez delako bizitzatik aparte dagoen zerbait, bizitzaren parte da. Nahiz lan munduan errazago erortzen garen -eta honetan eragin zuzena du gure heziketa formalaren ibilbide kamustzaileak, besteren artean seguritate edo konfort gunean eroso sentitzean.

Ez ditut errezetak ezagutzen, ez ditut gustuko. Nahiago dut tresnetan pentsatu. Erabakiak hartzen lagunduko diguten tresnak. Erabakiak hartzeko. Errazak edota zailak. Denak. Zerbaiten inguruan erabakirik ez hartzeak erabaki bat suposatzen duelako, eta honek, normalean gure eskuetatik eta arduratik ihes egiten duen erabakia izatea suposatzen duelako.

Carl Jung suitzarrak zioen bizitzako erabaki askok instintuekin eta aldagai inkontziente misteriotsuekin zerikusi handiagoa zutela borondate kontziente eta arrazonamendu zentzumen onarekin baino. Ez naiz ni inor ere hori ukatzeko. Baina ausartzen naiz esatera badirela beste hainbat erabaki funtzional arrazonamendua eta emozioa dantzan jartzen dituena eta horregatik, noizean behin parte hartzen dudan ikastaroetan, erabakiak hartzeko prozedura desberdinen inguruan aritzen naiz. Horietako bat, metodologia analitikoa izenez ezaguna da. Ez da beste munduko gauza, sen oneko ohiko prozedura bat besterik ez da. Labur bilduz, horrelako zerbait:

1. Aztertu beharreko gai edo arazoaren definizioa
2. Gai edo arazoaren azterketa
3. Aukera posibleetan pentsatu
4. Aukera edo proposamen bakoitzaren aldeko eta kontrako alderdiak neurtu
5. Erabakiak hartu
6. Egin beharrak zehaztu

Sei puntu. Sei pauso. Zertarako? Ditugun zalantzak ez daitezen izan gure ekintzen geldi arazleak. Beharrezkoa izaten baita erabakiak hartzea. Hartu beharreko erabakiak, nahiz ziurtasun eta seguritade osoa ez eduki.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*