AMONAREN MAGALEAN

AMONAREN MAGALEAN


Amonaren magalean ikusi dut nire alaba. Hantxe biak kontu kontari. Begira geratu naiz, gorputza kiribilduta, amonaren babesean bere eguneko kontuak adierazten hitzez, soinuz, keinuz,… esango nuke distira duela begietan. Amonak gorputza eta begirada berarekin ditu, nabari da, sentitzen da. Magia dagoela esatera ausartuko nintzateke. Batek axala leuna, ximurrik gabekoa eta eguneroko deskubrimenduan murgilduta, zer egingo ote duen pentsatuz. Besteak ordea, denboraren arrastoa du axalean eta gorputzean eta orain arteko ibilaldian zer egin duen, egingo duenaz baino gehiago pentsatzen duela esango nuke . Batek begirada aurrera, besteak jada atzera. Dena dela, zenbaitetan bizipen antzekoak dituztela iruditzen zait, debekuekin eta kontuz hitza etengabe entzuten: kontuz horrekin erori zaitezke eta, neurtu jaten duzun azukrea kalte egingo dizu eta,… badirudi urteak pasa ahala haurtzarora hurbiltzen goazela. Maiz entzuten dugu aiton amonak haurrak bezalakoak direla.

Poztu naiz nire alabak amonarekin bizitzen dituen une horietaz gozatzeko aukera duelako, poztu naiz amonak bere bilobarekin dituen une horietaz gozatzeko aukera duelako.

Atzera bidaia egin dut bat-batean eta nire amonaren magalera joan naiz une batez. Hori toki ederra! Amona oroitzen dut, goxokiak eta txokolatezko pasteltxoak ezkutuan ematen, nire eskua goxotasunez heltzen kalean genbiltzanean, loreak ureztatzean ura erortzen zitzaidanean bion artean garbitu eta begia konplizitate keinu batekin ixten zidanean. Amonak “Nivea” usaina zuen, eta zapata hotsak entzuten ditudanean berarekin gogoratzen naiz, berandu arte ibili baitzen zapata takoidunekin nahiz eta familia guztiak ez erabiltzeko esan. Jai zuten, kar kar kar!

Bizi garen garai hauetan familia askotan ditugu aiton amonak oso presente, euskarri garrantzitsua dira eguneroko bizitzan. Eskertzekoa da duten borondatea eta disponibilitatea, maitasuna. Generazio desberdinak, elkarri lotuak. Lerro xume hauen bidez, egiten duten transmisio lana gogora ekarri nahi nuen, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia. Aipamena merezi dute sustraiak… eta hegoak …. emateagatik.

0 Comments

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*